Irakastorduak gehitzeari men eginez jaurlaritzak autogobernuari uko egin eta hezkuntza sistema txikitzen du

2016/06/14
ELAk autogobernua ezerezean utzi eta oinarrizko eskubide eta zerbitzuak txikitzen dituen espainiar estatuaren neurriei aurre egin eta herritarron interesak defendatzea eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari

ELAk gaur bertan komunikabideen bitartez jakin du Eusko Jaurlaritzak irakastorduak gehitzea eskatzen duen Auzitegi Konstituzionalaren epaia betetzeko asmoa duela.
Honek Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, bai irakaskuntza publikoan baita itunpekoan ere 2 irakastordu gehiago ematea suposatuko luke, 23 ordutik 25ra pasatzea, alegia. Eta Bigarren Hezkuntzan, irakaskuntza publikoan, 17-18 ordutik 20ra pasatzea.
Honekin batera ordezkapenak 10 egunera arte atzeratzea suposatuko luke erabakiak.
Hau honela ezarriz gero, irakaskuntza publikoan 2.300 lanpostutik gora desegingo lirateke eta itunpeko irakaskuntzan 600dik gora. Guztira 3.000 lanpostu inguru desegingo lirateke, lan-kargak biderkatu eta hezkuntza berdintasuna eta kalitatea kinka larrian jarriko lirateke. Izan ere, irakastorduak gehituz eta ordezkapenen zaintza lanak eskolako bereko irakasleen artean egin behar izateak eskola-saioak prestatzeko edota ikasleen jarraipena egiteko apenas utziko du denborarik. Honek, eragin larria izango du hezkuntza eskubidean, ikasleen arteko berdintasuna, heziketa integrala eta garapen pertsonal eta sozialean.
ELAren ustez murrizketa berri hauek ezartzeak hezkuntza eskubidearen eta oinarrizko zerbitzu publikoen aurkako sekulako erasoa suposatzen du, espainiar gobernuaren estatalizazio estrategiari men egitea eta autogobernuari erabat uko egitea.
Horregatik, ELAK Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio autogobernua ezerezean utzi eta oinarrizko eskubide eta zerbitzuak txikitzen dituen espainiar estatuaren neurriei aurre egin eta herritarron interesak eta gure hezkuntza sistema defendatzea. Gobernuak bide hau hartzen badu ELAren babes osoa izango du. Kontrako bidea hartzen badu, ordea, ELA aurrean izango du eta afiliatu, hezkuntzako langile, gainerako sindikatu, eragile eta jendartearekin honen aurkako erabateko erantzuna prestatu eta gauzatuko du. Bide horretan, jada, egoeraren larritasuna kontuan harturik, sindikatu eta eragile ezberdinekin harremanak eta bilerak bideratzen hasi gara.