Iribasek bere agintaldi tamalgarria dimisioekin eta izkutupean egindako izendapenekin amaituko du

2015/06/10
Dena ongi lotuta agur esango du UPNren zuzendaritza taldeak, inon baino kementsuago murrizketak aplikatu ondoren.

Ekainaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko Zuzendari Orokorra izandakoaren, David Herrerosen, dimisioa argitaratu zen, berak horrela eskatuta. Dimisioa, ekainetik 30etik aurrera egongo da indarrean.

Aldi berean, Hezkuntza Departamentuko hainbat langilek zuzendaritza taldeen izendapenetan irregulartasunak izan direla salatu dute. Besteak beste, David Herrerosen alde edota bere konfidantzazko karguak bete dituztenen alde.

Iribasen agintaldia agortzear denean azken gertatkari hauek eta aurrez eginikoak sutsuki salatzen ditu ELAk. Izan ere, 2011ko abuztuan kargua hartu zuenetik langileekiko inongo begirunerik gabe kudeatu ditu Departamentuak Giza Baliabideak.

Iribasek eta bere bi zuzendari orokorrek izendatutako kideek ehunka langile kanporatu dituzte, eskola orduak igoz; gaixotzen diren irakasle asko ez dituzte ordezkatzen; udako oporrak ukatzen dizkiete ordezko langile askori eta gainerakoei finikitotik lapurtzen dizkiete opor egunak. Hau guztia negoziazio kolektiboa desager arazi duen bitartean gertatu da. Hezkuntzako Mahai Sektorialaren bilerak, legeak behartutako tramite huts bihurtu dituzte.

ELAren ustetan langileen osasunarekiko ardura eza izan da Departamentuko Giza Baliabide Zerbitzuak sortutako arazo lazgarrienetariko bat. Departamentuak berak, bere teknikarien txosten eta aholkuei muzin egiten baitio askotan langileen kaltetan, langileen osasunerako arriskutsuak izan diren egoerak sortuz. Sorturiko arazoen aurrean, ELAk salaketa jarri ondoren eta Gizarte-Segurantza eta Lan-Ikuskaritzak behartuta soilik hartu du parte Iribasek zuzentzen duen sailak.