Iribasek Wert ministroaren LOMCE curriculuma DBHn ezarriko du Nafarroan

2015/02/03
Nafarroako himnoa abesten jakiteak notarako balioko du. LOMCE kentzea exijitzen duten guztiei kasurik egin gabe, Wert eta Iribasek DBHko lehenengo eta hirugarren mailetan LOMCE ezarriko dute datorren ikasturtean. Horretarako, curriculum berriak onartzeko asmoa du Hezkuntza Departamentuak.

Hezkuntzak eztabaidarako proposaturiko zirriborroak goitik behera jarraitzen ditu LOMCEk markaturiko ildoak:

1. Hezkuntzako beste etapetan gertatzen den bezala, LOMCEk hirutan sailkatzen ditu ikasgaiak:

  • enborreko ikasgaiak: Ministeritzak finkatzen ditu bere edukiak eta estatu osorako komunak dira.

  • ikasgai espezifikoak: ikasi beharreko estandarrak Ministeritzak finkatzen dituenez erkidegoek ez dute malgutasunik landu nahi dituzten edukiak aukeratzeko. LOMCEk instrumentalak diren ikasgaiak lehesten ditu eta Musika, Kultura Klasikoa edota Hezkuntza Artistikoa Atzerriko Bigarren Hizkuntzari, Teknologiari eta Enpresa Ekintzako Hastepenei kontrajartzen dizkie.

  • Erkidegoek konfiguratu ahal dituzten ikasgaiak: haien artean euskara dago.

2. Ikasgai guztietan Hezkuntza Departamentuak osorik finkatzen du zer den irakasleek irakatsi ahal duten guztia. Ordea, Erlijio ikasgaiaren curriculuma erabakitzeari uko egiten dio eta elizaren eskuetan uzten du guztiz. Gainera, orain arte ez bezala Erlijioan zein bere alternatiban lortutako emaitzek ondorio akademikoak edukiko dituzte.

3. Euskarari dagokionez, Nafarroako euskalkien ezaguera bultzatuko dela dio curriculumak. ELAk positibotzat jotzen du ikasleek bertako euskararen aldaerak ezagutzea baina UPNko gobernuari exijitzen dio ez dezala hau aitzakiatzat erabilti EAE eta Iparralderekin bat osatzen dugun hizkuntza eta kultura errealitate bat dagoela izkutatzeko.

ELAren ustetan argi dago Iribasek hezkuntza lege berria erabiliko duela LOMCEren izaera merkantilista eta dotrinatzailea inposatzeko: irudimena sustatzen duten ikasgaiak zokoratuz erlijio ikasgaiaren curriculuma Artzapezpikutzaren eskuetan utziz; edota Nafarroaren izaeraren hainbat ezaugarri izkutatuz. Honen guztiaren adibidea DBHko 1. mailako Geografia eta Historia ikasgaiaren curriculuma dugu zeinean ikaslea Nafarroako himnoa abesteko gai izango ote den notarako kontatuko du.

ELAk proposaturiko curriculuma kentzea exjitu dio Hezkuntza Departamentuari. LOMCEri EZ-Euskal Herrian gure Hezkuntza Eraiki plataforman jarraituko du ELAk intsumisioa bultzatzen.