Itunpeko gizarte ekimeneko ikastetxeetan grebak jarraipen zabala izan du

Gaur martxoaren 26 eta 27rako deiturik dagoen grebaren lehen eguna burutu da. 200 ikastetxeetatik gorako ia 12.000 langile deituak zeuden grebara Eusko Jaurlaritza eta Itunpeko irakaskuntzako Gizarte Ekimeneko Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalak inposatzen ari diren murrizketak salatzeko eta ikastetxe guztietan EAEko hitzarmenaren aplikazioa eskatzeko. Aipagarria da aurreko mobilizazioen ondorioz jada hainbat ikastetxetan EAEko hitzarmena aplikatzen ari direla eta beste hainbatetan zorraren ordainketa eguneratu dutela.
Grebak ikastetxeen gehiengoaren jarraipena izan du, nahiz eta modu ezberdinean islatu den lurralde bakoitzean. Bizkaian jarraipen zabalagoa izan du lanuzteak, Arabako ikastetxe nagusienetan oso garrantzitsua izan da eta apalagoa Gipuzkoan. Goizean goizetik elkarretaratzeak eta manifestazioak burutu dira ikastetxe herri eta hainbat eskualdeetan eta jarraian milaka pertsonak hartu dute parte Donostia, Gasteiz eta Bilbon burutu diren manifestazio jendetsuetan.
Sindikatuok, patronalak zorra berehala ordaindu eta hitzarmena aplikatzera behartzen dituen epaitegirik gorenenen hiru epai alde izan arren, hainbat proposamen jarri dugu mahai gainean gatazka konpontze aldera, hitzarmena bere osotasunean berreskuratu eta ordaintzeke dagoen zorra ordurarte atzeratuko litzatekeelarik, hartara ikastetxeek ez luketelarik egin beharko Kristau Eskolak egiteko prest omen dagoena baino ahalegin ekonomiko handiagoarik. Baina oraingoz, patronalek, eta modu berezian Kristau Eskolak, ez dute hitzarmena berreskuratu eta bere osotasunean aplikatzeko asmorik agertzen, honen guztiaren gauzatzea finantziazio publikoaren baitara baldintzatu nahi dutelarik.
Patronalek murrizturiko hitzarmenaren aplikazioan tematzen diren heinean eta murrizketen pisurik nagusiena eta egungo nahiz etorkizuneko finantziazioaren inguruko zalantzak langileei leporatzen saiatzen diren bitartean mobilizazioa beste biderik ez digute uzten.
Finean, auzitegiek behin eta berriz aitortu dizkiguten eskubideei uko egitea eskatzen digute, eta orain eta gero hitzarmenak ezartzen dizkien betebeharrei iskin egin nahi diete. Eta sindikatuok ez gaude horretarako prest.
Modu berean, orain arte egin dugun moduan, berriro ere Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu gatazka honetan duen ardurari hel diezaiola eta murrizketak politikak alde batera utzita gatazkari konponbidea emango dion irteera aurki dezala langileak sakrifikatu gabe eta hezkuntza sistemari eta lan-baldintzei egonkortasuna emanez.
Honen harira, langileei dei berri bat egiten diegu biharko egunean, martxoaren 27an, lanuztea egiteaz gain, Bilbon 11:30etan Jesusen Bihotzetik, Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurretik, irtengo den manifestazioan parte har dezaten.