Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako ordezkarien elkarretaratzeak murrizketen aurka

2012/05/17
ELA eta STEE-EILAS sindikatuek Donostia eta Bilbon eginiko elkarretaratzeetan Celaá sailburua eta hezkuntzako patronalak inposatzen ari diren murrizketak salatu dituzte eta zerbitzu publikoak pairatzen ari diren erasoa. Gaurdaino eginiko murrizketak eta gelak ixteko oraingo mehatxuak lan eskubide eta baldintzak nabarmen okertzen ari dira eta hezkuntzaren kalitatea bera ere arriskuan jartzen dute.

Ikusi elkarretaratzeko bideoak

ELA eta STEE-EILAS sindikatuek salatu dute atzerako bide makur horretan, Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako langileok ez direla salbuespena, eta hezkuntzako gainerako langileekin batera, zerbitzu publikoak desegiteko ahalegin zoro horren ondorioak pairatzen ari dira ere. Eta hemen EAEko Hezkuntza Saila eta patronalak (Kristau Eskola, Partaide, AICE, EIB....) ere badira murrizketen erantzule.Itunpeko Ikastetxe eta  Ikastoletako langileak 2010eko udatik aurrera soldata jaitsiera jasaten ari dira. Horretaz gain, material prestakuntzarako, aniztasun trataerarako, proiektu ezberdinen garapenerako, eta errelebo kontratuak gauzatzeko, besteak beste, dirulaguntzetan murrizketak aplikatu dira.

Azken finean, ikasleak eta familiak ere dira egoera hori pairatzen dutenak.Duela hiru hilabetetatik, Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako patronala eta Hezkuntza Saila datozen lau urteetarako planifikazioa negoziatzen ari dira, eta irizpide berriak aplikatzearekin bat lanpostu suntsiketa bat justifikatu eta ezarri nahi izango dute, ELA eta STEE-EILASen iritziz, gainera, langileei galerak baino ekarriko ez dien neurri sorta negoziatzen ari dira beren ordezkariei bizkarra emanez. Celaá andereak kontzertuak negoziatzeko jarri dituen irizpideen ondorioz Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako ikasgelak ikaslez gainezka izango dira, lanpostu asko desagerraraziz, hezkuntza kalitatea kaltetuz.

Murrizketa hauek ezartzearen ondorioz urteetako borrokaz lortu eta hitzarmenetan jasotako oinarrizko lan baldintzak kaskartu egingo dira: gelatan ikasle kopurua gehitu, asteko jarduna luzatu, eskola orduak handitu, erretiro adina atzeratu eta baldintzak okertu, soldatak izoztu, enplegua suntsitu, hitzartutakoak bete ez...

ELA eta STEE-EILAS sindikatuek Hezkuntza Sailari eta patronalei zera eskatzen diete:

1. Atzera bota ditzatela orain arte aplikatutako neurriak eta murrizketak.

2. Datozen lau urteko planifikazioetan sindikatuek parte hartzeko aukera izatea.

3. Datozen lau urteko planifikazioetan ez dezatela enplegurik suntsitu

4. Langileon lan-baldintzak eta hezkuntzaren kalitatea ez dezatela erasotu.

Guzti hau dela eta, Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletako langile eta ordezkariei dei egiten diete martxoan hasitako mobilizazioei jarraipena eman diezaieten:17an eta 24ean Itunpeko Ikastetxe eta Ikastoletan.

Horrez gain, maiatzaren 31erako manifestazioak gogoratu dituzte.

Azkenik, maiatzaren 20 eta 26an 60tik gora mugimenduk antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera dei egin dute.