Itunpeko Ikastetxeetako langileen elkarretaratzeak

Itunpeko irakaskuntzako langileak, bai Gizarte Ekimenekoak baita Ikastoletakoak ere, azken urte hauetan eraso oso larriak jasan dituzte. Lanpostuak eta hezkuntzaren kalitatea bera arriskuan jartzen dituzten murrizketa neurriak.
Lehenik, Eusko Jaurlaritzak aplikaturiko murrizketetan oinarrituta, Itunpeko Ikastetxeetako patronalek hitzarmenean jasotako soldata taulak ez bete eta langileen soldatak murriztea erabaki zuten. Erabaki honek soldaten %10 eta %15 bitarte soldata galera suposatzen du gaurdaino. Gogoratu, ELAk salaketa jarri zuela eta lehenengo instantzian epaiketa irabazia dugula Epaitegi Gorenak zer dionaren zain.
Bestalde, murrizketak medio, proiektu berriak garatzeko, bajak betetzeko, matrikulazio handitzeari aurre egiteko, etab. ez dira baliabideak gehitu eta ondorioz lan-kargak izugarri hazi dira azken urteetan, honek langileen lan egoeran eta hezkuntzaren kalitatean duen eragin kaltegarriarekin.
Eta hau gutxi balitz azken hilabeteko eraso eta mehatxuak gehitu zaizkigu: lan erreforma eta Eusko Jaurlaritzak itunduriko hainbat gela ixteko duen egitasmoa.
Bide ofizialetatik kanpo jakin berri dugu Eusko Jaurlaritzak, bere murrizketa politiken barruan, hainbat ikastetxeetan itunduriko gela kopurua gutxitu nahi duela, gela hauek itxi eta lanpostu hauen kostua aurreztu asmoz. Jarrera guztiz onartezina lan-kargak igo eta matrikulazioa hazten ari den momentu hauetan eta hezkuntzak inbertsio handiago behar duenean.
Eta azkenik, honi guztiari gehitzen zaio Madrildik inposatu nahi dizkiguten lan eta negoziazio kolektiboaren erreforma, non patronal eta enpresariei langileen eskubideak zapaltzen dituzten neurriak aplikatzeko eskumenak ematen baitizkiete. Erreforma honek langileon eskubideak hankaz gora jartzeaz gain Lan-Hizarmena bera ere kolokan jartzen du. Martxoaren 29ko greba orokorrean itunpeko ikastetxeetan ere erantzun sendoa emango diogu eraso larri honi.
Hau guztia agerian jartzeko, Madrilgo Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta patronalen jokabidea salatzeko eta itunpeko irakaskuntzan dihardugun langileon egoera larria gizarteratzeko elkartu gara gaur Gizarte Ekimeneko eta Ikastoletako langileen delegatuak. ELAk garbi dauka ez duela ez gobernuen ezta patronalen eraso eta murrizketarik onartuko eta gogor jarraituko duela langileen lan eta bizi baldintzak eta eskubideak defendatzen eta murrizketa neurriei aurre egiten.