Itunpeko ikastetxeetan grebak %60 inguruko jarraipena izan du

Atzoko greba egunari jarraipena emanez ikasturte honetako 5.greba eguna burutu da itunpeko gizarte ekimeneko ikastetxeetan. Gaurkoan ere 200 ikastetxeetatik gorako ia 12.000 langile deituak zeuden grebara Eusko Jaurlaritza eta Itunpeko irakaskuntzako Gizarte Ekimeneko Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalak inposatzen ari diren murrizketak salatzeko eta ikastetxe guztietan EAEko hitzarmenaren aplikazioa eskatzeko. Aipagarria da aurreko mobilizazioen ondorioz jada hainbat ikastetxetan EAEko hitzarmena aplikatzen ari direla eta beste hainbatetan zorraren ordainketa eguneratu dutela.
Gaurkoan ere grebak ikastetxeen gehiengoaren jarraipena izan du, sindikatuok jasotako datuen arabera %60ko jarraipenaren ingurukoa, nahiz eta modu ezberdinean islatu den lurralde bakoitzean. Bizkaian jarraipen zabalagoa izan du lanuzteak, Arabako ikastetxe nagusienetan oso garrantzitsua izan da eta apalagoa Gipuzkoan. Erreferentziako ikastetxe ugaritan grebaren jarraipena ia erabatekoa edo %80aren gainekoa izanda Bilboko Jesuitinak, Berriotxoa, Jesus y Maria edo Ikasbideren kasua, Portugaleteko Santa Maria eta Carmen ikastetxeak, Santurtziko Carmelitak, Gasteizko Egibide eta Carmelitak, Irungo El Pilar, Hernaniko Inmaculada edo Hondarribiko Ama Guadalupekoa, besteak beste.
Goizean goizetik elkarretaratzeak eta manifestazioak burutu dira ikastetxe, herri eta hainbat eskualdeetan eta ondoren Bilbon burutu den manifestazio jendetsuan hartu dute parte milaka langilek.
Grebara deitu duten ELA, CC.OO, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek, beste behin ere, patronalei eskatzen die berehala alde batera utz dezatela Estatuko hitzarmena eta EAEko hitzarmena bere osotasunean aplika dezatela. Sindikatuok, patronalak zorra berehala ordaindu eta hitzarmena aplikatzera behartzen dituen epaitegirik gorenenen hiru epai alde izan arren, hainbat proposamen jarri dugu mahai gainean gatazka konpontze aldera, hitzarmena bere osotasunean berreskuratu eta ordaintzeke dagoen zorra ordurarte atzeratuko litzatekeelarik, hartara ikastetxeek ez luketelarik egin beharko Kristau Eskolak egiteko prest omen dagoena baino ahalegin ekonomiko handiagoarik. Baina oraingoz, patronalek, eta modu berezian Kristau Eskolak, ez dute hitzarmena berreskuratu eta bere osotasunean aplikatzeko asmorik agertzen, honen guztiaren gauzatzea finantziazio publikoaren baitara baldintzatu nahi dutelarik.
Patronalek murrizturiko hitzarmenaren aplikazioan tematzen diren heinean eta murrizketen pisurik nagusiena eta egungo nahiz etorkizuneko finantziazioaren inguruko zalantzak langileei leporatzen saiatzen diren bitartean mobilizazioa beste biderik ez digute uzten.
Finean, auzitegiek behin eta berriz aitortu dizkiguten eskubideei uko egitea eskatzen digute, eta orain eta gero hitzarmenak ezartzen dizkien betebeharrei iskin egin nahi diete. Eta sindikatuok ez gaude horretarako prest.
Modu berean, orain arte egin dugun moduan, berriro ere Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu gatazka honetan duen ardurari hel diezaiola eta murrizketak politikak alde batera utzita gatazkari konponbidea emango dion irteera aurki dezala langileak sakrifikatu gabe eta hezkuntza sistemari eta lan-baldintzei egonkortasuna emanez.
Bai jaurlaritzak baita patronalek ere gatazkari konponbidea aurkitzeko modurik jartzen ez duten heinean mobilizazioa beste biderik ez digute utziko.