Itunpeko irakaskuntzako ehunka ordezkari eta langile elkarretaratu dira Donostia, Gasteiz eta Bilbon

2013/10/29
Orain arte Kristau Eskola, AICE-IZEA eta Eusko Jaurlaritzak azaldu duten jarrera salatu dute eta lan-eskubide eta baldintzak zapalduko ez dituen irtenbidea aldarrikatu dute. ELArentzat ulergaitza da patronalek arazo honen muina Eusko Jaurlaritzak eginiko murrizketetan kokatzea, baina konponbidea sindikatuei eraso eginez eta langileen lan-baldintzak murriztuz aurkitu nahi izatea gobernuarekin inolako konfrontaziorik egin gabe.

Gaur, urriak 29, asteartea, itunpeko irakaskuntzako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako ehundaka ordezkari eta langile elkartu dira Donostian Kristau Eskolaren aurrean, Gasteizen Gotzaindegiaren aurrean eta Bilbon plaza eliptikoan.

Elkarretaratzea deitu duten ELA, CC.OO, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek, azken hilabeteetan luzatzen ari diren aldarrikapenei jarraipena emanez, Kristau Eskola, AICE-IZEA eta Eusko Jaurlaritzari inposaturiko murrizketak alde batera uztea, negoziazioa irekitzea eta murrizketarik gabe eta ikastetxe bakoitzean aplikatuko denaren bermea izango duen EAEko hitzarmena eskatu dute berriro ere.

ELAren ustez oso larria da azken hilabeteetako mobilizazioetan langileek azalduriko haserrearen eta eginiko eskaeren aurrean patronalek inolako funtsezko mugimendurik egin ez izana, murrizketen pisua langileen bizkar mantentzeko planteamenduak egiten jarraitzea eta ikastetxeetan sindikatuen aurkako kanpaina ireki izana.

ELArentzat ulergaitza da patronalek arazo honen muina Eusko Jaurlaritzak eginiko murrizketetan kokatzea, baina konponbidea sindikatuei eraso eginez eta langileen lan-baldintzak murriztuz aurkitu nahi izatea gobernuarekin inolako konfrontaziorik egin gabe.

ELAk inola ere ez du onartuko, ez Eusko Jaurlaritzaren aldetik, ezta patronalen aldetik ere, langileak sakrifikatu, lan-baldintzak okertu eta hezkuntza kalitatea kaltetzen duen sasi-irtenbiderik.

Hezkuntza Sailak eta Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek sorturiko gatazkari langileak eta hezkuntza kalitatea kaltetuko ez dituen bidezko irteera emateko proposamenik ezean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileei egoera honen ardura zuzena dutenak beraien jarrera aldatzera behartuko dituen mobilizazioa beste biderik ez digute uzten. Zentzu honetan, sindikatuak jada, azarorako mobilizazioak lantzen ari dira.

Ikus argazki galeria: