Itunpeko irakaskuntzako patronalek administrazioarekiko jarririko auzi-prozesua atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak

2013/03/05
ELA, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak eta patronalak langileen gain ezartzen ari diren murrizketen salaketan berresten da. Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio murrizketa politikak alde batera utzi eta hezkuntzan behar ditugun inbertsioak egin ditzala eta patronalei bete eta defenda ditzatela langileekin adosturiko hitzarmenak

2010ean Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko langileengan inposaturiko murrizketak aitzakia, itunpeko ikastetxeei ere murrizketa egin zien hitzarturiko itunetan eta ordainketa eskuordetuan.

Orain askok esaten dute murrizketa politikekin ez garela krisi honetatik irtengo. ELA 2009tik gogor salatzen ari da murrizketa politika hau. Orduan esan genuen, baita orain ere, murrizketa politika hau inola ere ez dagoela justifikatua, ez daukala krisiaren arrazoiekin zerikusirik eta krisia areagotzera eta amildegira garamatzala. Hezkuntzak aspaldidanik, eta are gehiago krisi egoera honetan, inbertsio handiagoa eta baliabide gehiago behar ditu. Hezkuntzan zenbat eta murrizketa gehiago aplikatu, gero eta ilunagoa izango da gure etorkizuna. Horregatik, langileen eta jendartearen mobilizazioa antolatzen eta bultzatzen aritu gara gobernuak bestelako politikak hartzera behartzeko. Sentsibilizazio, antolakuntza eta mobilizazio bide horretan pausoak eman ditugu, bide horretan darraigu oraindik ere eta bide luzea dugu egiteko.

Hau honela, Eusko Jaurlaritzak eginiko murrizketa hauetan oinarrituta, itunpeko irakaskuntzako patronal ezberdinek aldebakarrez hitzarmenak urratu eta murrizketa hauen pisua langileen soldata eta lan-baldintzetara pasa zuten eta bide berean darraite, beregain izan dezakeen eragina gutxituz eta langileei ordain araziz.

ELAk hasieratik salatu du patronalen jokaera onartezin hau baita epaitegietara eraman eta irabazi ere. Momentu honetan, patronalek agertu zuten negoziaziorako borondate eza medio, Auzitegi Gorenaren epaian oinarrituta hainbat epaiketa egiten ari gara baita kenduriko soldatak berreskuratzen ere.

Orain berriz, Kristau Eskolak eta Ikastolen Elkarteak bere garaian Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren aurka jarri zuten auzi-prozesua atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak.

ELAk beste behin exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari inposatzen ari den murrizketa politikak alda ditzala, murrizturikoa itzul ditzala, eta baliabide gehiago bidera ditzala zerbitzu publikoetara eta hezkuntzara.

Modu berean, ELAk patronalei exijitzen die bete eta defenda ditzatela langileekin adosturiko hitzarmenak. Sindikatuaren ustez, hau ez da auzi juridiko soila baita erabaki politikoa ere eta ELAk egin duen moduan patronalek ere, murrizketa hauen aurka badaude, bide juridikoaz haratago, Eusko Jaurlaritzari exijitu behar diote murrizketa politika alde batera utzi dezala eta hezkuntzara beharrezkoak diren baliabideak bidera ditzala. Horrela eskatu die hasieratik ELAk, baina patronalek bere burua bide juridikoan ezkutatu dute gobernuarekin konfrontazio ekidin asmoz.