Itunpeko patronalek benetako negoziazioa baztertzen dute
Gaur Eusko Jaurlaritzak deituta bihar eta etziko greba dela eta gutxieneko zerbitzuak eztabaidatzeko bilera burutu da. ELAk beti agertu du hezkuntzan egun bateko edo gutxitako grebetan ezin direla gutxieneko zerbitzuak ezarri, hezkuntza funtsezko zerbitzu den arren egun gutxitako jardunak ezin duelako trataera hori izan, greba desitxuratzeko ez bada. Kristau Eskolak orain arte ezarri gabeko gutxieneko zerbitzuak proposatu ditu hain zuzen ere greba desaktibatu eta desitxuratu asmoz. Etor daitezkeen ikasleen segurtasuna bermatzeko 3 edo 4 gelako gutxienez irakasle bat proposatzera iritsi da. Bere proposamena ez da onartu izan eta gutxieneko zerbitzuak aurrekoetan bezala geratu dira, hau da, zuzendaritza taldeko pertsona bat eta atezain bat.
Hau honela izanda ere, Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza lana egiteko saiakera egin du gatazka bideratu asmoz. ELAk patronalei eskatu die benetako negoziazio borondatea badute Auzitegi Nagusiaren epaiari jarraituz estatuko hitzarmena alde batera utzi eta aplika dezatela EAEko hitzarmena, honela hitzarmen berriaren negoziazio inolako txantaje eta murrizketa planteamendurik gabe heldu ahal izateko. Patronalek inola ere ez dute proposamen hau onartu. ELAk ordea bigarren proposamen bat ere luzatu die Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei. Bertan, helegitea aurkezteko asmorik badute, Auzitegi Nagusiak dioenari jarraituz, gutxienez EAEko hitzarmena aplikatzen has daitezela, eta honela negoziazio mahaiari berrekin diezaiotela. Baina proposamen hau ere baztertu egin dute patronalek eta EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea aurkezteko bere asmoan berretsi dute.
ELArentzat oso larria da Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalak izaten ari diren jarrera. Alde batetik komunikabideetan sindikatuei hel arazi ez dizkiguten proposamenak luzatzen dituzte greba indargabetzeko asmoz eta jarraian Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza ahaleginari edota inolako txantajerik gabeko benetako negoziazio prozesua ireki ditzaketen sindikatuon proposamenei erabateko ezetza adierazte die.
Jarrera honen aurrean, ELAk itunpeko irakaskuntzako gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileei dei berezia egiten die antolatu eta egoera honi aurre egitera. Modu berezian bihar eta etzi burutuko ditugun greba eta mobilizazioetan aktiboki parte hartuz. Gure eskubideak eta lan-baldintzak daude jokoan, baina baita azken aldian hain erasotua izaten ari den gure hezkuntzaren kalitatea.
Bihar lehen ordutik elkarretaratze eta manifestazioak burutuko dira ikastetxe, herri eta eskualdeetan eta manifestazio nagusiak hiriburuetan.
BILBO:
10:00etan Indautxuko Jesuitetatik eta Deustuko salesiarretatik
09:30etan Santutxuko San Franziskitotik
11:30etan manifestazio nagusia eskolapioetatik (Rekalde Zumarraldea)
DONOSTIA:
11:00 etan Amaratik, Kristau Eskolaren egoitza aurretik eta Groseko jesuitetatik
12:00 tan manifestazio nagusia Bulebarretik
GASTEIZ:
10:30etan Bilbo Plaza eta Antxo Jakitunetik.
11:30etan manifestazio nagusia Bilbo Plazatik