Itxialdia Hezkuntza Ordezkaritzan murrizketak salatzeko

Hauteskunde aurreko giroan Eusko Jaurlaritzak jendarteari sinestarazi nahi dio EAEko hezkuntza murrizketetatik libre dagoela. Errealitatea ordea guztiz bestelakoa da, izan ere, azken urteetan Madrilgo murrizketa guztiak eta bere kabuz egindakoak inposatzen ari baita (soldatetan, ordezkapenetan, ordezkoei ezkutuko EREa, lanpostuen amortizazio eta desegitea, erretiro eskubideetan, baja osagarrietan, lan-kargen handitzean...) Murrizketa hauek guztiak atzerapen larria suposatzen dute lan-baldintzetan eta hezkuntzaren kalitatean.
Celaa sailburua bere hauteskunde aurrekanpaina egiten ari da Madrilgo murrizketa berriak ez dituela aplikatuko esanez, baina aurreko guztiak inposatu dituela eta bere kabuz gehiago ere egin dituela ezkutatzen du. Are gehiago, badakigu itunpeko irakaskuntzan murrizketa gehiago eta gelen itxiera bera ere negoziatzen ari dela.
Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu inola ere ez dadila ausartu murrizketa neurri berririk inposatzera eta atzera bota ditzala orain arte ezarritakoak. Horrela ez izatekotan gogor erantzuten jarraituko dugu.