Itxurakeria eta propagandatik haratago, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari eskatzen die adiskidetzea, bizikidetza eta bakearen inguruko benetako partehartze, hausnarketa eta elkarlana bultza dezala
ELAren iritziz funtsezkoa da, hala adierazi du askotan, euskal gatazka behin-betiko konpontze bidean normalizazio politikoa, adiskidetzea, bizikidetza eta bakea bultzatzeko bidea irekitzea eta horretarako baliabideak sortzea. Horretan aritu da ELA azken urte luzetan eta ildo beretik jarraitzeko konpromiso irmoa du.
Hau honela, kezka eta mesfidantza sortzen dio Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen ekimenak. Izan ere, orain arte gobernuak eta Hezkuntza Sailak kontrako bidean eman dituzte pausoak, sarri askotan, elkarrizketa, adostasuna eta elkarlana bultzatu beharrean, interes ideologiko eta partidisten baitan, tentsioa eta konfrontazioa sortu baitituzte gizartean eta hezkuntza komunitatean.
Gogoratu besterik ez dago oraindik ere indarrean den “Elkarbizitza demokratiko eta indarkeriaren deslegitimaziorako plana” eta gai honen inguruan orain arte bultzatu dituen ekimenak. Plana gizarte eta hezkuntza eragileen apenas parte hartzerik gabe atera zuen gobernuak aurrera eta bertan egiten zen gatazkaren irakurketa partzial eta alderdikoiak eta biktimen erabilerak hezkuntza elkartearen zati handi baten kontrako jarrera sortu zuen eta inolako adostasunik gabe inposatu zuen.
“Elkarbizitza plan” horrek oraindik ez du inolako ebaluazio eta baloraziorik izan eta planari gorputza ematen zion Itun Antiterrorista eta honen baitan herritar askoren giza eskubide, eskubide zibil eta politikoak urratu eta gizartean tentsioa eta gatazka sortzen duten erabakien inguruan ez dute argitu zein jarrera duten egungo egoeran ezta zein pauso emango dituzten sinatzaile diren PSOE-PSE/EE-k eta PP-k.
ELAren ustez zilegi eta beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak orain arteko bidea berrikusi eta ildo berri bat jorratu nahi izatea. Hala egiten badu positiboki baloratuko dugu. Baina ezinezkoa eta onartezina da hau egitea testu soil baten inguruan, ez hausnarketa ezta eztabaidarik gabe ere.
Aurrekoetan ez bezala oraingoan Hezkuntza Saila bildu da sindikatu honekin eta gainerako eragileekin, baina aurrekarien inolako hausnarketarik gabe, inolako eztabaidarik gabe eta inolako ibilbiderik egiteko asmorik gabe astebeteko epean testu bat sinatu eta ekitaldi bat egitea nahi izan du. Testuan jaurlaritzak orain arte egin duen irakurketan eta jarreran aldaketa batzuk badauden arren, ez dugu uste hau denik biderik onena benetako elkarlana egiteko eta adostasunak eta kontsentsuak lortzeko.
Honen baitan, aurrekari hauen inguruan inolako hausnarketarik egin gabe, gizarte eta hezkuntza eragileen artean ibilbide berri bat jorratu gabe eta testuan agertzen diren ideiak eta konpromisoak garatzeko inolako plan eta proposamen zehatzik gabe, Eusko Jaurlaritzak egoera politiko berriaren aurrean eman nahi duen itxura eta propaganda ekitaldi baten aurrean gaudela uste du ELAk eta ez du horretan parte hartuko.
Azkenik, baina ez horregatik garrantzia gutxiagokoa, gogoratu beharrean gaude gobernuan daramatzan bi urte eta erdian Hezkuntza Saila ez dela ELArekin bildu hezkuntzaren inguruan dugun ikuspuntua elkarbanatzeko, jaurlaritzarentzat nagusiak diren proiektuen inguruan hitz ere ez duela egin gurekin, hitzarmenak eta murrizketak gutxiengoan eta aldebakarrez inposatu dituela eta gure adostasuna bilatzeko inolako ahaleginik ez duela egin.
Hau honela, guztiz onargaitza da, baita ironikoa ere, ELArekin hezkuntza politikaren ildo nagusietaz edota hezkuntzako langileen lan baldintzez hitz egin nahi ez izatea eta adostasunak ez bilatzea, eta momentu honetan jaurlaritzak bere interesen eta irudiaren baitan ELArekin eta gainerako eragileekin kontsentsuak eskatzea.
ELAk normalizazio politikoa, adiskidetzea, bizikidetza eta bakea bultzatzeko bere konpromisoa berresten du, bai gizartean baita hezkuntzan ere, eta Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari eskatzen die bide honetan benetako partehartze, hausnarketa eta elkarlana bultza dezatela.
Prentsa oharra jaisteko egin klik hemen