Jantokietako eta eskola-garraioko lehen greba egunean gehiegizko gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte

2021/01/27
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berriz ere urratu du langileen grebarako eskubidea, Lan Sailaren eta enpresen babespean. ELAk iragarri du baloratuko duela zer neurri hartu, eta jantokietako eta eskola-garraioko zerbitzuak segurtasunez eta enplegu- eta lan-baldintzak bermatuz garatzen direla bermatzeko beharrezko baliabideak eskatuko dizkio Hezkuntzari.

EAEko jantokietako eta eskola-garraioko langileek urtarrilerako deitutako lehen greba eguna izan dute. ELAk salatu duenez, Eusko Jaurlaritza, Lan Sailak eta enpresek lagunduta, gehiegizko zerbitzu minimoak inposatuz greba oztopatzen saiatu da. Gauzak horrela, milaka langilek beren lanpostura jo behar izan dute, kasu askotan zigorra jasoko zutenaren mehatxupean, grebarako eskubidea urratuz.

Gutxieneko zerbitzu desproportzionalak ezarri dira, hain zuzen, Lan Sailak funtsezkotzat jo baitu kolektibo horrek eskaintzen duen zerbitzua; horrek, ordea, talka egiten du Hezkuntza Sailaren interpretazioarekin. Izan ere ELAk gogorarazi duenez, zerbitzu hori osagarritzat jo zuen Jaurlaritzak, eta ez funtsezkotzat. Hala ere, langileek greba deitzea erabakitzen dutenean, haien lana osagarria izatetik funtsezkoa izatera pasatzen da, horrela gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri ahal izateko, sindikatuak azaldu duenez. Gogorarazi dute bi zerbitzuetan egunero pairatzen duten arazoa irailetik salatzen ari direla, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez duela egoera hori aintzat hartzen.

"Argi dago oinarrizkoak langileak izan behar direla, baina segurtasun neurriak bermatuz edo enpleguari eutsiz erabiltzaile guztiei zerbitzuak eskaintzeko neurri eta bitarteko faltak agerian uzten du zein den Hezkuntza Sailaren interesa: zerbitzu horietan egunero bizi den errealitatea ezkutatzea eta ikusezin bihurtzea", esan dute.

Gauzak horrela, ELAk grebarako eskubidea errespetatzea exijitu du, eta Lan Sailaren eta enpresen jarreren inguruan hartu beharreko neurriak baloratuko dituela iragarri du. Era berean, adostutako neurriak eta beharrezko bitartekoak eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari, zerbitzuak segurtasunez bermatzeko, eta zerbitzu horietarako enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko. Azpimarratu dutenez, hezkuntza-sistemaren parte ere badira.