GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK (EAE)

Jarraipen zabala izan du grebak

2024/01/17
Langileen %65etik gora babestu dute greba. Hitzarmena berritzeko funtsesko gaietan edukiak mahaigaineratzeko deia egin diete sindikatuek Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei. Eusko Jaurlaritzari greba eskubidea urratzeari utzi eta gatazka bideratzeko esku har dezala galdegin diote.

Hitzarmena berritzeko borrokan Gizarte Ekimeneko langileek hamargarren greba eguna dute gaur jarraipen zabalarekin, %65etik gorakoa; aurreko greba egunetakoen pare. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan didra berriro, baina: Hezkuntza laguntza espezialisten %100ri greba egiteko eskubidea ukatzea suposatu du, eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeak egun arruntetan baino espezialista gehiago kontratatzea suposatuko luke.

Azken egunotan patronalek bileretara deitu dituzte sindikatuak, baina akordioa lortzeko gakoak diren gaietan ez dute gutxieneko edukirik aurkeztu. Sindikatuek patronalei eta Jaurlaritzari eskatu diete gatazka luzatzeko estrategiak eta greba eskubidea urratzeko jarrerak alboratzea, eta hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten edukiak landu eta lehenbailehen mahaigaineratzea.

Lanpostuei eusteko neurri eraginkorrak, lan kargak arintzeko eta sektore feminizatuenen lan baldintzak hobetzeko neurriak, finantzaketa publikoari lotu gabeko eta erosahalmena bermatzeko soldatak eta, Lanbide Heziketarako baldintza egokiak dira sindikatuen eskaerak. Berdintasun planak, euskalduntze planak eta lan Osasuna bermatzeko planak, bereziki arrisku psikosozialenak, ere beharrezko dira.

Sindikatuek beste lau greba egun dituzte deituta urtarrilerako: urtarrilaren 18, 23, 24 eta 25. Bihar, urtarrilaren 18anm, Donostian elkartuko dira langile guztiak. 11.30ean Aldapeta Marian hasiko dute manifestazioa, eta Kristau Eskola patronal nagusiaren egoitza aurrean amaituko dute.