Bizkaiko autoeskolak

Jarraipen zabala lehen greba egunean

2025/07/08
ELAk eta CCOOk mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute, APAVIren inmobilismoaren aurrean. 400 bat langile daude grebara deituta.

 

Bizkaiko autoeskolen sektoreko grebaren lehen egunean, langileek erantzun zabala eman diote ELA (%87,5eko ordezkaritza) eta CCOO (%12,5) sindikatuek egindako deialdiari. Mobilizazioak argi utzi du plantillak nazkatuta daudela APAVI patronalaren immobilismoarekin eta negoziaziorako borondate faltarekin.

Zazpi bileren ondoren, grebei hasiera eman diete gaur sektoreko langileek, uztailaren 8an, eta mobilizazioek jarraipena izango dute hilaren 16an eta 21ean, APAVIk negoziatzeko duen borondate faltari erantzuteko. Patronalak ez du proposamenik aurkeztu sektorearen eskaera nagusiei erantzuna emateko: soldata KPIaren arabera eguneratzea, lan osasunean hobekuntzak egitea eta lanaldia murriztea, batez ere irakasleentzat. Administrazioko langileen kasuan, proposatutako neurriak ez dira nahikoak, lan kargei eta kontziliazio premiei erantzun gabe.

Mobilizazioa goizeko lehen orduan hasi da, kontzentrazio batekin, eta manifestazio jendetsuan abiatu dira Bilboko Casilda Iturrizar parketik patronalaren egoitzaraino. Ibilbidean zehar, plantillaren erosahalmena bermatzea eta lanaldiaren murrizketan aurrera egitea eskatu dute.

ELAk eta CCOOk proposamen zehatz eta eraginkorrak mahai gainean jartzea eskatu diote APAVIri, blokeatutako negoziazioan aurrera egin ahal izateko. Langileek ozen eta argi hitz egin dute: aurrerapausorik gabe, greba gehiago izango dira.

Grebaren bigarren egunean, uztailaren 16an, mobilizazio gehiago egingo dituzte, besteak beste, auto karabana bat egingo dute Bizkaiko hainbat herritan.