ELAk salatzen du Jaurlaritzak irakasleen ebaluazioa erabiltzen duela hezkuntzaren arazo nagusienei ez heltzeko

2016/03/14
Sindikatuekin ezer hitz egin gabe irakasleen ebaluazioaren inguruko eztabaida piztu nahi du bere ardura zuzena den inbertsio eskasa, plantila murrizketa, behin-behinekotasuna, lan-kargen handitzea edota prestakuntzarako baliabideen murrizteak hezkuntzan duen eragin kaltegarria estali asmoz.

Beste behin ere, ELA komunikabide bitartez jakiten ari da Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburua “Hezkuntza Sistemaren Hobekuntza Plana” eta horren baitan irakasleen ebaluaziorako egitasmo bat gauzatzen ari dela. Onartezina da jaurlaritzak hezkuntza sistemaren oinarria diren eta horrelako proposamen batek zuzenean eragiten dien hezkuntza langileekiko duen errespetu eza.
Aurrez espainiar gobernuak egin duen moduan, orain Eusko Jaurlaritzak irakasleen lana eta ebaluazio beharra azpimarratzen dituzte hezkuntza sistemaren erronka moduan. ELAk hezkuntzaren ebaluazio eta hobetze sistemak egoki eta beharrezko ikusten ditu, baita irakasleen artean ere. Baina Uriarte sailburuaren ekimena eta azken hilabeteetako proposamen eta eztabaidak guztiz partzialak eta intentzioz beteak dira. Proposamen eta eztabaida hauek gobernu ezberdinek gure hezkuntza sisteman sortu dituzten arazo nagusienak ezkutatu eta jomuga irakasleengan jartzea dute helburu.

Eusko Jaurlaritzak:

  • Hezkuntzaren ikuspegi erabat merkantilista bultzatzen du, hezkuntza integrala alboratuz.
  • Sortzen dugun aberastasunaren %3,6 besterik ez du inbertitzen hezkuntzan, proportzioan 28ko Europar Batasunaren bataz-bestekoak baino ia 900 milioi gutxiago. Europar Batasuneko 28 estatuetatik soilik Errumaniak egiten du inbertsio txikiagoa.
  • Gelako ikasle kopurua handituz 2.500 lanpostutik gora desegin ditu hezkuntza sistema osoan.
  • 3 irakasletik 1 behin-behinekoa izatea bultzatu du.
  • Ordezkapenik ez du egiten edo astebeteko atzerapenez egiten ditu.
  • Lan-kargak handitu ditu.
  • Baja hartzeko aukerak murriztu ditu.
  • Prestakuntza edota hezkuntza behar berezietarako baliabideak murriztu ditu.
  • Adin batetik aurrera irakas-ordurik ez ematea oztopatu du.
  • Soldatak murriztu ditu.

Hezkuntza Sailak honetan guztian duen ardura eta honek hezkuntza sisteman duen eragin kaltegarria estali nahi du arazoa irakasleengana bideratuz.
ELA prest dago irakasleen ebaluazioaz hitz egiteko, sarrerako nahiz jarraiko prestakuntza hobetzeko neurriak hartzeko, baina jaurlaritzak bere hezkuntza eta murrizketa politika goitik behera aldatu behar du hezkuntza sistemak dituen arazo eta erronkei aurre egin nahi badie: hezkuntza inbertsioa handituz, plantilak handituz eta egonkortuz, ordezkapenak lehen egunetik eginez, prestakuntzarako eta behar berezietarako baliabideak gehituz, lan-kargak arinduz, plantilak berrituz, adin batetik aurrera irakas-orduak murriztuz eta lan-baldintzetan emandako murrizketak itzuliz.