Jaurlaritzak ez ditu hezkuntza premia bereziak izendatzeko irizpideak zabaldu nahi

2017/12/22
Atzo, abenduak 21, burutu zen Lan-legepeko Irakasle eta Heziketa Bereziko langileen negoziazio mahaia, eta bertan, Jaurlaritzak ez zien erantzun azken hilabeteetako mobilizazioetara eraman gaituzten behar eta aldarrikapenei. Jaurlaritzak hezkuntza behar bereziak izendatzeko irizpideak zabaltzeko asmorik ez du, asteko 37,5 orduko jardunaldia proposatzen jarraitzen du, ordezkoek udako oporrak kobratzeari uko egiten dio, eta 2019an behin behinekotasuna %34 izateko EPE proposamena mantendu du.

Azken urteetan Eusko Jaurlaritzak hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleak izendatzeko irizpideak zorroztu egin ditu eta langileak eta baliabideak esleitzerako orduan irizpide murriztatzaileak erabili ditu.

Honek Heziketa Bereziko langileen lan-kargak nabarmen handitzea eragin du, baita irakasleen lan-zama gehitzea eta ikasgelako jardueraren garapena zailtzea. Bileran Jaurlaritzak ez zuen inolako proposamenik ekarri egoera honi irtenbidea emateko. Hezitzaile askok 37,5 ordu edo gehiagoko asteko jardunaldia egiten dute eta beraiei ez dagokien garraio funtzioa egin behar izaten dute. Jaurlaritzak irailean jada egindako planteamendu berdina mantendu du abenduan ere asteko lanaldiari dagokionez, gehienezko 37,5 orduko asteko lanaldia, alegia.

Ordezkoek urtean 165 egunetik gora lan egin arren, ez dute uda kobratzen eta horrela jarraituko dute Hezkuntza Sailaren arabera. Heziketan lan egin arren, irakasleen kategoriarik baxuenak baino %20 gutxiago kobratzen dute langile hauek (6.600€ gutxiago) eta gradudun lanpostuak ez daude gainerako hezkuntza publikoko gradudun lanpostuekiko homologaturik.

Gai honi dagokionez, iraileko proposamen berdina izan zen Jaurlaritzak egin zuena, gradudun lanpostuen homologazioa soilik. ELAk, neurri honekin ados egonik, neurria praktikara eramateko eskatu dio Jaurlaritzari, eta aldi berean, kolektiboaren gainerako %90 osatzen duten hezkuntza laguntzako espezialistek irakasleen kategoriarik baxuenarekiko pairatzen duten soldata aldea murrizteko planteamendu bat exijitu dio.

Behin-behinekotasuna murrizteko 2019an 260 lanpostu EPEra ateratzea proposatu zuen, iraileko proposamen berbera. Egun kolektibo guztiak batuz 630 langilek behin behineko kontratua dutela kontuan izanik, proposamenak legealdi amaieran behin behinekotasuna %34an kokatuko luke kasurik hoberenean. Lanpostu zerrendan jaso gabe dauden 370 lanpostutatik 50 soilik azaleratu eta jasoko ditu lanpostu zerrendan Jaurlaritzak 2018an, 300tik gora egoera irregularrean mantenduz. Lanpostuen %20 (174 lanpostu) lanaldi partzialekoak dira. Azken urteetan jardunaldi osoko lanpostu asko lanaldi partzialekoak bihurtu ditu Jaurlaritzak aurrez aipaturiko irizpide murriztatzaileak erabiliz.

ELAk Lanpostu hauek lanaldi osokoak bihurtu eta egonkortzeko egindako proposamenaren aurrean, Jaurlaritzak ez zuen inolako planteamendu zehatzik egin, lantzeko borondatea agertu besterik ez. Berritasunen artean ordezkoen zerrendak LEP bat aurreikusita dagoenean ireki zein irekita mantentzea eta Heziketa Bereziko langileentzat gizarte fondoa sortzea egon ziren. Positiboki baloratu ditugun arren, bost greba egun egin ondoren proposamen eskasa iruditzen zaigu. Sindikatuen aldarrikapen izan diren eroste-ahalmenaren berreskuratzea (%15, 20.000€tik gorako galera 2010 geroztik), bajak zigortzeari uztea edo erretirorako laguntzak berreskuratzea alde batera utzi ditu Gobernuak.

ELArentzat inolaz ere ez da nahikoa Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen proposamena, irailekoarekiko aurrerapausu nabarmenik isladatzen ez baitu. Beraz, proposamen hoberik ezean, mobilizazio eta grebekin aurrera jarraitu beste biderik ez digu utziko.