Jaurlaritzak prekarietatea betikotu eta lanpostuak kolokan jartzen dituen EPEak proposatzen ditu
Egun, EAEko hezkuntza publikoan lanean diharduten irakasleetatik 9.700 behin-behinekoak dira, hau da, %40a. Gainera, langile hauetariko asko aspalditik daude egoera prekario honetan.
2018ko maiatzean Jaurlaritzak Steilas, LAB, CCOO eta UGTrekin 2017-2020 legealdirako sinaturiko akordioan, kasurik onenean 5.500 plazako EPE dealdiak egiteko asmoa jasotzen zen. Honek behin-behinekotasuna onartezina den %28an utziko luke, hau da, azken bi ikasturteetan, Steilas eta LAB sindikatuekin batera aurrera eramandako greba eta mobilizazioetan aldarrikatutako %6ko behin behinekotasunetik oso urrun.
Honi gehitzen zaio, Eusko Jaurlaritzak aplikatzen duen muturreko ratioen politika. Hezkuntza publikoan, matrikulazioaren ondorioz sortu ez diren gela kopuruengatik behar baino 2.388 lanpostu gutxiago ditugu eta gelako ikasle kopurua %9,1ean hazi da, honek hezkuntza prozesuaren garapenean sortzen dituen arazoekin.
2019ko EPEari dagokionez, Jaurlaritzak adierazi du 1.825 lanpostu eskainiko direla Haur eta Lehen Hezkuntzan kidegorako, 32 musika eta arte eszenikoko irakasleen kidegorako (kontserbatorioetarako), 10 Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleen kidegorako eta 28 hezkuntza ikuskatzaileen kidegorako. Aurretik aipatutako testuinguruan, ELArentzat inola ere ez da nahikoa Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen proposamena.
Bestetik, hainbat aldaketa proposatu ditu Jaurlaritzak EPE prozesu honetarako:
-
1go zatiko (idatzizko froga) kasu praktikoaren pisua %70era handitzea (orain arte %60koa zen), definizioan xehetasun gehiago eta probaren iraupena arintzea (3 ordutik 2ra pasatzea maisu-maistren kidegoan).
-
Programazio didaktikoan idatzizkoa (40 orri gutxienez eta 60 gehienez) eta ahozkoaren puntuazio orokorra, ezaugarri formalak kentzea eta denborarekin malgutasuna ahozko defentsan...
-
EPEa gainditu baina lanposturik lortzen ez dutenei ateratzen duten nota X5 zerrendetan meritu moduan baloratzea. ELArentzat onartezina da EPEa gainditzeagatik merituak kontatzea egoera normalizatu batetan egongo bagina bezala. Izan ere, Jaurlaritzak urteetan ez du inolako EPE deialdirik egin, eta egin dituenean oso plaza gutxi atera ditu lehiaketara, etengabe behin behinekotasuna areagotuz. Hezkuntza sistema larriki kaltetzen duten erabaki hauek sorturiko ondorioak konpontzeko gobernuak milaka interino eta ordezko “erabili” ditu urte askotan, behin-behineko kontratuekin, modu prekarioan. Proposamenak milaka irakasleren lana baliorik gabe utzi dezake eta ordezkoen zerrenda osoa hankaz gora jarri. ELArentzat onartezina da honelako proposamenak egitea, are gehiago, aldez aurretik lanpostuak kontsolidatzeko inolako planik adostu gabe, urte luzetan hezkuntzan modu prekarioan lan egitera behartu eta beraietaz probestu den milaka irakasleren lana arriskuan jarriz.
-
Kidego bakoitzean EPEa 3 urtero izatea. EPEak 3 urtero deitzearen proposamena, guztiz loturik dago ELAren eskubide sindikalak eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz Hezkuntza Saila, Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin negoziatzen ari den egonkortasun proposamenarekin. Bereziki larria iruditzen zaigu praktika antidemokratiko eta antisindikal hau gainerako sindikatuen aldetik etortzea, eta are gehiago, hezkuntza publikoko behin-behineko irakasleen etorkizuna jokoan dagoenean. Izan ere, egonkortasun planteamentu hau gaur egungo behin-behinekotasun eta prekarietatea bere horretan mantendu eta areagotuko lukeen partxe txar bat da, gabezia eta arrisku asko dituena eta langileen lan baldintzen kontura egin nahi dena.
Hau honela, negoziazio materia direnak mahai negoziatzailera berehala eramatea exijitu diegu Jaurlaritzari eta gainerako sindikatuei; bestetik, egonkortasun proposamen hau eta EPEko nota merituetan baloratzearen neurria berehala bertan behera utz dezatela eskatu diogu Jaurlaritzari, behin-behineko langileen prekarietatea areagotu eta lanpostuak arriskuan jarri besterik ez baitu egiten.
ELAren aburuz, badago alternatiba benetako arazo larria den behin-behinekotasunari irtenbide egoki bat emateko. Ikastetxeen eta hezkuntza sistemaren behar estrukturalak lanpostu estrukturalekin bete behar dira eta behin-behinekotasunarekin amaitu, kontsolidazio bermeak izango dituen behar besteko EPE deialdi bidez. Beraz, lehenengo behar estrukturalak ondo definitu behar ditugu, beharrezko lanpostu guztiak sortu, behin-behinekotasuna %6ra jaitsiko duten kontsolidazio EPEak diseinatuz eta berriro ere behin-behinekotasun maila ikaragarri hauek ez errepikatzea neurriak hartu behar dira.