Joan aurretik murrizketa larriak inposatu nahi ditu Iribasek euskararen irakaskuntzan Nafarroan

2015/06/09
uskararen Foru legea ez du bete; ezta D ereduaren eskaintza zabaldu ere; hau guztia gutxi balitz, taldeak murriztu ditu eta A ereduko taldeetan elkarketak inposatu ditu. Murrizketa hauek askoz gogorragoak dira Nafarroako Erriberan; Gobernuak babestu beharko luke euskara zonalde honetan, Nafarroako hizkuntza propioa baita eta egoera askoz okerragoan baitago.

Hurrengo ikasturterako langileen plantillak egiterakoan, nabarmentzen ari da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ezarri nahi dituen murrizketak euskararen irakaskuntzan A ereduan.

Aurretik, Iribasek zuzendutako Departamentuak euskararen irakaskuntzari eta euskaraz egiten den irakaskuntzari eraso egin dio behin eta berriz: irakasleak kriminalizatuz txosten faltsuen bidez, testuliburuak zentsuratuz, edota elkarrizketa laguntzaileen programa desagerraraziz. Oraingo honetan, eta garbi izanik bere agintea bukatzear dagoela, azken eraso batekin agurtu nahi gaitu: Departamentuak ekin dio irakaskuntza orduak kentzeari, Hizkuntza Eskolako koordinazio orduak murrizteari eta maila desberdinetako ikasleak elkartzeari.

Zenbait zentro ELArekin harremanetan jarri da gehiegikeria hauek salatzeko; zentro batzuetan geldiarazi egin da irakasleek eta zuzendaritza taldeek irakaskuntzaren kalitatearen alde egin duten defentsagatik. Gainera, maila desberdinen elkarketak ezinezkoa egiten zuen ordutegien antolaketa. Kasuren batean proposatu dute DBHko maila guztiak talde bakarrean elkartzea (beraien arautegiaren kontra doan erabakia). Batxilergoan ere talde bakarra nahi du Iribasek; badirudi ez dakiela selektibitatean irakasgai hau ebaluatu egiten dela.

Murrizketa hauek askoz gogorragoak dira Nafarroako Erriberan; Gobernuak babestu beharko luke euskara zonalde honetan, Nafarroako hizkuntza propioa baita eta egoera askoz okerragoan baitago.

ELAk Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari exjitzen dio eraso hauek guztiak geldiaraz ditzan.