IMPLIKA

Kaleratze kolektiboaren aurkako demanda aurkeztu du ELAk

2023/05/17
Langileek greban eta mobilizazioak egiten jarraitzen dute. Maiatzaren 18an langileak Zaragozara joango dira Implikaren talde bereko Master D eta Medac enpresen aurrean elkarretaratzea eta protesta egiteko

ELAk Implika enpresak aurkeztutako EREaren aurkako demanda aurkeztu du. Apirilean, kaleratze kolektiboaren kontsultaldia amaitzean, enpresak jakinarazi zuen plantillaren %60 kaleratzeko erabakia hartu zuela. Bilboko zentroetan 87 lanpostu suntsitu dira, gehienak emakume langileenak.

ELAk kaleratze kolektiboaren aurka egingo du, besteak beste, EREa iruzurrezkoa dela argudiatuta, kaleratze kolektiboa aldez aurretik enpresa taldeak hartutako erabakia baitzen. Gainera, greba eskubidea urratu duten gertakariak salatu dira demandan. Azkenik, ELAk Implikari eta enpresa taldeko beste sozietate batzuei (Master D eta Medac, esaterako) ere leporatu die fede txarrez jardutea kontsulta aldian.

Bestalde, langileek egunero mobilizatzen jarraitzen dute, eta maiatzaren 18an Zaragozara joango dira Master D eta Medac enpresen aurrean protesta egiteko. Ildo horretan, ELAk salatu nahi du Master D enpresak, Aragoiko enpresa sari bat jaso duenak maiatza hasieran, Implikako lanpostuak suntsitzearen erantzule ere badela.