Ibaiondo Hezkuntza Zentroa (ZUMARRAGA)

Komiteak elkarreratzea egin du langile falta salatzeko

2024/01/12
Ibaiondo Hezkuntza Zentroko Langile Batzordeak elkarretaratzea egin du zentroaren aurrean, aspaldidanik pairatzen ari diren segurtasun langileen gabezia salatzeko. Eusko Jaurlaritzak ISEC enpresa du azpikontratatuta segurtasun zerbitzurako. Ibaiondo da EAEko 1. mailako zentro bakarra, eta delitu larri eta oso larriak egin dituzten adin txikiko eta gazteekin egiten dute lan. Halako ezaugarriak dituen zentro batean segurtasun langileak ezinbestekoak dira langileen eta egoiliarren babesa bermatzeko.

Langile Batzordeak zentroko zuzendaritzaren zein Eusko Jaurlaritzaren aurrean salatu du langile falta hori, hainbat bideetatik. Izan ere, azpikontratatutako enpresak ez du kontratuan hitzartutakoa betetzen. Hala ere, Jaurlaritzako arduradunek entzungor egin diete komitearen salaketei.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak eta zentroko zuzendaritzak arriskuan jartzen dute langileen segurtasuna, eta adin txikiko zein gazte egoiliarren eskubideak urratzen dira. Ondorioak anitzak dira: esaterako, adin txikikoek ezin dituzte zentro kanpoaldean tailerrik jaso, eta txandan zaintzaile nahikorik ez dagoelako, gazteek ezin dute gauean komunera joan; zenbait kasutan orinal bat erabili behar izaten dute gelan bertan. Aldi berean, esku hartu beharreko egoera bat baino gehiago aldi berean gertatuz gero, ez dago langile nahikorik erantzuteko.

Langile batzordeak Arartekoari eskatu dio azter dezala zein baldintzatan dauden Ibaiondo zentroko gazte eta adin txikikoak, baita lantaldearen egoera ere.

Komiteak badaki egoera hori gertatzen dela “low cost” segurtasun enpresak azpikontratatzen direlako. Garbitegi zerbitzua ere azpikontratatu dute, eta urteak bertan lanean zeramatzan langilea kaleratu dute, erabat bidegabea dena. Halako egoerak ezin dira onartu, eta horregatik egin du elkarreratzea komiteak.