Kristau Eskolak ez du onartzen hitzarmena bere osotasunean berreskuratzen duen akordiorik

ELA, CCOO, STEE-EILAS eta UGT sindikatuontzat harrigarria da, eta are onartezina, gizarte-ekimeneko ikastetxeetan greba hasteko astebete falta denean Kristau Eskolak sindikatuei itxikeria eta immobilismoa leporatzea. Horrelako akusazioak arrazoi bakarra izan dezake, jendea nahastu nahia eta greba boikoteatzeko saioa.
Gogoratu beharra dago gatazka hasi zenetik lau urte daramagula; eta gatazkaren jatorrian, lehenik Jaurlaritzak eta gero hainbat bider Kristau Eskolak hartu dituzten erabakiak daudela. Honez gero maila judizialik gorenek hiru epaitan arrazoia eman digute sindikatuoi, eta EAEko Auzitegi Nagusiak patronalei galdegiten die EAEko hitzarmena aplika dezaten Auzitegi Gorenak behin-betiko epaia eman arte; haatik, Kristau Eskolak entzungor egiten die epaileei.
Itxikeria eta immobilismoa leporatzen digute, baina sindikatuok, gertatu den guztia gorabehera, zorraren ordain zatikatua hitzartu dugu, eta areago, zailtasunak dituzten ikastetxeetan epe luzeagoak ere onartu ditugu. Mahai gainean hainbat proposamen jarri dugu gatazka konpontze aldera, hitzarmena bete-betean berreskuratu eta ordaintzeke dagoen zorra ordurarte atzeratuko litzatekeelarik, hartara ikastetxeek ez luketelarik egin beharko Kristau Eskolak egiteko prest omen dagoena baino ahalegin ekonomiko handiagoarik. Proposamenak sindikatuko kabinete ekonomiko eta juridikoen onespena jaso dute.
Kristau Eskolak hartu zuen uztailaren 7an EAEko hitzarmena indargabetzeko eta estatu mailakoa ezartzeko erabaki unilaterala; abenduan, mobilizazio handien ostean, berriro EAEko hitzarmena aplikatzea eskaini zuen, baina Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari baldintzatuta, hots, 2010eko negoziazio-mahaietan eskaini zuen ia gauza bera. Patronal honek, jarrera hori eta erabaki horiek hartzen ari delarik, esan dezake gurea dela jarrera zurruna, itxia edo mugigaitza? Nola ausartzen da jarrera arduratsua izateko dei egitera?
Hau guztia ikusita ere, sindikatuok negoziatzeko proposamen hari eusten diogu, eta prest gaude arazo larriak dituzten ikastetxeen egoera aztertu eta horri erantzuna emateko.
Azken proposamenean zehaztu dugun moduan, 2015eko abenduan itunpeko moduluetan murrizketak mantenduko balira prest gaude egoera hori aztertzeko eta une horretan egon litekeen zorra kitatzeko epe berriak hitzartzeko.
Sektoreko patronal nagusiaren jarrera eta estrategia ikusirik, langileei dei berezia egiten diegu martxoaren 26 eta 27ko grebetan parte har dezaten, eta mobilizazioetara bil daitezen; Kristau Eskola mugiarazi behar dugu.