LAB, Steilas, eta ELAk aurrez aurreko benetako negoziazioa eskatu diete EAEko Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari

2020/10/01
LAB, STEILAS eta ELAk Haurreskolak Partzuergoan gaurko deituta zegoen bilera telematikoan parte ez hartzea erabaki dute, lan-baldintza seguruak eta kalitatezko zerbitzua emateko beharrezkoak diren neurrien zerrenda ez delako aintzat hartu, bileraren gai-ordenetik kanpo utziz. Sindikatuek aldez aurretik helarazi zioten Hezkuntzari beharrezkotzat zituzten baliabideen zerrenda. Ikasturteko lehenengo mahai negoziatzailearen deialdia jaso dutenean, ordea, konturatu dira modu telematikoan egiteko asmoa zegoerla eta honako gai orden honekin: 2020ko hezitzaileen lanpostuen zerrenda eta baremazio deialdia. Gai-ordena ikusita, hiru sindikatuek espresuki eskatu diote Partzuergoari bileran goiko puntuetan agertzen diren inguruko aurrez aurreko negoziazioa. Ezezkoa jaso dute, ordea. Gauzak horrela, dei egin diete Haurreskolak Partzuergoko langileei urriaren 2an burutuko diren manifestazioetan gainontzeko hezkuntzako langileekin batera parte hartzera, ikasturte segurua eta adostua aldarrikatzeko.

LAB, STEILAS eta ELAk eskaera zuzena egin zioten EAEko Hezkuntza Sailari: lan-baldintza seguruak eta kalitateko zerbitzua bermatzea, haurreskolaz haurreskola eta Eibarreko egoitzan dauden beharren azterketa egitea eta horri aurre egiteko behar bezalako langile eta baliabideez hornitzea. Azken horrek, ordea, sindikatuen eskaerei bizkarra eman eta bilera telematikoaren gai-ordenatik kanpo utzi ditu. Hauek dira aldarrikapenetako batzuk:

  • Kontingentzia Planak behar bezala bete ahal izateko lan-baldintza egokiak: behar besteko prestakuntza, COVID arduradunak haurrik gabeko denbora izatea, talde txiki eta itxiak bermatzeko hezitzaileen kontratazio berriak.

  • Irizpide Pedagogikoak kontuan hartuko dituen behar bezalako Hezkuntza Zerbitzua eskaintzea. Egun batetik bestera antolakuntza-aldaketak egitera behartu gabe hezitzaile faltagatik.

  • NBEak eta haurreskoletako funtzionamendurako beharrezkoa den aparteko hornikuntza ekonomikoa egitea.

  • Hezitzaileen egonkortasuna bermatzea.

  • Kontingentzia Planetik eta aukera berdintasuna bermatzeko asmoarekin, 2. agertokitik

    ezarrita dagoen aforoaren muga kentzea.

  • Hezkuntza Saileko ordezkaria Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzaile guztietara etortzea.

Sindikatuek salatu dutenez, ikasturtea hasi da Hezkuntza Sailak ez du baliabide gehigarri bakar bat ere jarri: ez kontingentzia-plana erantzuteko baliabide pertsonalik, ez haurreskola bakoitzaren egoera ekonomiko latzari erantzuteko bitarteko ekonomikorik. “Kontratupeko hezitzaile asko egunero desplazatzen ari dira euren haurreskolatik beste batera inolako irizpiderik gabe, kontratazio berria blokeatuta dagoelako, osasun-irizpideak kontuan hartu gabe eta pedagogikoki beti defenditu duten ikasturteko oinarria den haurren egokitzapen aldia kolokan jarriz; hau guztia, matrikulazio gutxiago dagoela aitzakia hartua”.

Haurreskolak Partzuergoan ere inprobisazioa nagusi izan dela diote. “Ekainean, presaka eta korrika, haurreskolak aurrez aurreko hezkuntza zerbitzua ematera itzuli ginen; orduan, arlo pedagogikoa zein prebentziokoa jasotzen dituen kontingentzia-plana argitaratu zuen Partzuergoak ordezkaritza dugun sindikatuekin adostu gabe”, kexu dira.

Gogorarazi dutenez, ikasturte-hasieraren inguruan Partzuergoarekin negoziatzeko eskaera hainbat aldiz egin eta gero, uztaila hasieran eta amaieran sindikatuekin eseritzera behartu zuten enpresa baina ez ziren adostasunetara iritsi. Haurreskolak Partzuergoko gerentea den Zorione Etxezarragak argi adierazi zien iraileko agertokia “normaltasunarena” izango zela, eta horren baitan pertsonalean edo materialean inbertsio gehigarririk gabe hasiko ginela ere. Eta horrela izan da.

Halaber, Bildarratz Hezkuntza Sailburuak sindikatuekin hitz egiteko agertutako asmo adierazpenetatik haratago, zehaztasun eta baliabide-aurreikuspen eta bermeak exijitu dituzte. “Espero dugu Haur hezkuntzako lehenengo zikloak (0-3) hezkuntza-sistema osoan duen garrantzia ulertzeko eta, behingoz, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta Hezkuntza Sailean integratzeko urratsak emateko gai izatea”, gehitu dute.