LABek, Steilasek, ELAk eta CCOOk EAEko Hezkuntza Ordezkaritzen zuzeneko arreta berreskuratzea eskatu dute

2021/10/19
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek kontzentrazioa egin dute Bilboko, Donostiako eta Gasteizko ordezkaritzen aurrean, EAEko Hezkuntza Ordezkaritzen zuzeneko arretari berriro ekin diezaioten eskatzeko. Izan ere, zerbitzu hori duela urtebete baino gehiago eten zen osasun-krisiaren ondorioz. Pandemiaren hasieran, EAEko Hezkuntza Ordezkaritzek arreta zerbitzua berrantolatu zuten. Orduz geroztik, langileei sortzen zaizkien zalantzak, eskariak eta gaiak, hala nola kontratuak, baimenak eta lizentziak, posta elektronikoz soilik kudeatzen dira, eta, ondorioz, askotan erantzunik gabe edo izapidetu gabe geratu dira. Sindikatuek zerbitzua berriz ere presentziala izatea eskatu dute, horretarako beharrezko baliabideak eskainiz.

Sindikatuek azpimarratu dute badirela unean bertan erantzun pertsonala behar duten egoerak. Hala, adierazi dute kudeaketak eragiten duela arazo asko ez konpontzea, edo errazak izan beharko liratekeen beste batzuk langileentzako zailtzea. Era berean, erantzunik ez izateak, berandu argitzeak edo Hezkuntzako Ordezkaritzen artean irizpide desberdinak egoteak Hezkuntzako langileen eskubideak urratzen ditu.

Ziurtatu dute arreta-eredu horrek ezinegona eta ziurgabetasuna eragiten diela langileei, bai irakasleei, bai hezkuntza bereziko hezitzaileei, bai sukaldeko edo garbiketako langileei.