ESKOLA SEGREGAZIOA

Lan baldintzen eztabaida ere ireki behar dela irizten du ELAk

2025/11/25
Lan baldintzen eztabaida ere ireki behar dela irizten du ELAk
ELAk Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak azaroaren 29rako deitutako manifestazioan parte hartuko du, hala ere, publifikazioarekin batera ELAren iritziz egiturazko beste aldarrikapen batzuk ere sostengatu beharra dago. ELAk hezkuntza komunitateko eragileekin eta, bereziki, beste sindikatuekin mobilizazio eta greba prozesu bateratu bat martxan jartzea eskatzen jarraitzen du, hezkuntza sistemaren publifikazioa, euskalduntzea, desmerkantilizazioa eta segregazioari aurre egiteko lan-baldintza egokiak erdigunean kokatuta.

Ikasturte honetan, ustez segregazioari aurre egiteko helburuarekin, mahai bat sortu du Eusko Jaurlaritzak “Eskola bikaina denontzat” izenpean. ELAk mahai horretarako gonbidapena jaso bazuen ere, bertan parte ez hartzea erabaki zuen. Beharrezko diren sakoneko aldaketak egin gabe auziari eusten ari zaiola irudikatzea da mahai horren helburu bakarra eta ELAk ez du ariketa desmobilizatzaile horretan parte-hartuko.

Aldaketarako asmo ezaren adierazle da 2023an segregazioa eragiten duten faktoreak mantendu zituen Hezkuntza Legea onartu izana. Hezkuntza Legeak aurretik ezarrita zegoen hezkuntza eredua mantentzea izan zuen helburu, hain zuzen ere segregazioa eta kohesio eza eragin zuen sistema. “Eskola Bikaina denontzat” dinamikak uko egiten dio, esaterako, egungo sare banaketa gainditzeari, euskarazko murgiltze eredua garatzeari edo curriculum propioa ezartzeari.

Era berean, maiatzean hezkuntza publikoko greben ondoren itxitako akordioa oinarri hartuta ezinezkoa da segregazioari aurre egitea. Hezkuntzako profesionalen lan-karga murriztu beharra dago, ikasle ratioa hobetu beharra dago, ikasle etorri berriei harrera egiteko profesional espezifikoak behar dira eskoletan edo langileen egonkortasuna ezinbestekoa da ikasleen aniztasunari eta kohesioari aurre egingo bazaio. ELArentzat eztabaida hau zentrala da eta segregazioari aurre egiteko edozein mobilizaziotan erdigunean egon beharko litzateke. Gainera, maiatzean hezkuntza publikoan beste sindikatuek erdietsitako akordioak ez ditu langileak asebete eta akordioa sinatu zuten sindikatuek hezkuntza saila kritikatu dute ez dabiltzalako akordioa betetzen, ondorioz, segregazioaren aurkako mobilizazioa aukera izan beharko litzateke berriro ere lan baldintzen eztabaida irekitzeko.

Azkenik, ELAren iritziz gobernuaren zuriketa ariketa den “Eskola bikaina denontzat” negoziazioetan parte-hartzea, Harro plataformako kide batzuk tarteko, erabat kontraesankorra da mobilizazioak deitzearekin. Are gehiago, ELAren iritziz ikasle guztien euskalduntzea eta euskarazko murgiltze eredua ezartzea ezinbestekoa da ikasleen eta gizartearen kohesioa bermatzeko, eta Harro plataforman dagoen CCOO sindikatuak murgiltze ereduaren aurka egin izan du eta administrazio publikoetan euskaldunon hizkuntza eskubideen aurka jotzen ari da.

Hala ere, ELAk uste du protesta ezinbestekoa da eta ELAk jarraituko du hezkuntza eragile guztiekin eta sindikatuekin lan egiten mobilizazio bateratuak martxan jartzeko, aurretik aipatutako aldarrikapenen bueltan. Eta bide horretan Harrok deitutako manifestazioan ELA ere izango da, ondoren beste mobilizazio batzuk adostea ekar dezakeelakoan.