Lanbide Heziketako gabeziei aurre egiteko baliabideak eta neurriak galdegin dizkio ELAk EAEko Hezkuntza Sailari

2021/11/10
Lanbide heziketako behin-behinekotasun tasa altuari heldu eta euren lanpostuak arriskuan dituzten ehunaka langile teknikoren lanpostuak bermatu beharra dagoela gogorarazi du ELAk, EAEko Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketari buruz egingo duen Nazioarteko Kongresuaren atarian (Donostiako Kursaal Jauregian izango da, datozen azaroaren 10 eta 11an). Sindikatuaren ustez, propagandaz haratago, Hezkuntza Sailak ez du inolako borondaterik sektorearen egiturazko arazoei aurre egiteko. Lanbide Heziketak egun dituen arazoek bere horretan dirautela gogorarazi du. Gauzak horrela, kongresuaren helburua gabezia guztiak zuritzea baino ez dela salatu du ELAk.

ELAk gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabaki desberdinen ondorioz, eta LOMLOEk indartutako posizioak direla eta, gaur gaurkoz, behin behinekoak diren eta goi mailako Lanbide Heziketako titulazioa daukaten irakasleen lanpostu eta etorkizun hurbila kolokan dago. Izan ere, hamar espezialitatetan salbu, irakasle hauei 2023ko oposaketetara aurkezteko aukera baino ez zaie emango, beraz, bertan aurkeztu ezean edo plazarik lortuko ez balute, euren lanpostua eta lan egiteko aukera mantentzeko aukerarik gabe geratuko lirateke.

Hori gutxi balitz, oro har hezkuntzan eta bereziki Lanbide Heziketan egiturazko behin-behinekotasun handia dago. “Irakasle tekniko ugarik bizi duten egoera ezegonkorra izugarria da, eta tamalez lanbide heziketaren kalitatea ere kolokan dago. Egoera honetan, beste behin ere, ordezko langileak dira LOMLOEren ondorio lazgarriak gehien sufritzen dituztenak. Oonartezina da egoera honen aurrean gure administrazioak inolako egiturazko konponbiderik ez planteatzea”, kexu da sindikatua.

Azkenik, ELA kezkatuta dago Lanbide Heziketaren ereduagatik, besteak beste, sistema duala indartu nahi dutelako. “Argi dago pribatizatu nahian eta lanpostuak suntsitu nahian dabiltzatela”, baieztatu du sindikatuak.

Egoera honen aurrean, ELAk bere eskakizunak berretsi eta honakoa galdegiten dio Hezkuntza Sailari:

  • Lanbide Heziketako Goi Mailako titulazioa daukaten irakasle guztien lan baldintzak eta lanerako eskubidea idatziz eta dagokion arautegian erabat blindatu eta bermatu ditzala.

  • Sasi irtenbide partzialak alderatu eta estrukturala izango den irtenbidea plantea dezala.

  • Behingoz konpromisoa har dezala Lanbide Heziketako ahalik eta lanpostu gehien egiturazko bihurtu eta ordezko bezala dauden milaka langileak kontsolidatzeko.

  • Lanpostu suntsiketarik egon ez dadin bermatu dezala.

  • Pribatizazioari ateak itxi eta enpresen interesak hezkuntzatik at utz ditzala.

Gauzak horrela, ELAk mobilizazioekin jarraitzeko deia egin die Lanbide heziketako langileei.