FRANCISCO DE VITORIA INSTITUTUA (GASTEIZ)

Laneko osasunean prebentzio falta dagoela salatu dute

2024/05/20
ELAk, STEILASek eta LABek elkarretaratzea egin dute Hezkuntza Delegaritzaren aurrean, Gasteizen, Francisco de Vitoria institutuan lan osasunean dagoen prebentzio falta salatzeko eta neurri eraginkorrak eskatzeko. Hezkuntza Sailak eta ikastetxeko zuzendaritzak uko egin diote arrisku psikosozialen ebaluazioa egiteari, nahiz eta zentroan erregistratu diren langileen osasun mentalari eta emozionalari eragiten dioten egoerak. Langile gehienak behin-behinekoak dira.

Langileen kexen ondoren, ELAk egoera salatu zuen duela bi hilabete baino gehiago. Salatzen dute zuzendaritza taldeak nola kudeatzen dituen klaustroa eta eguneroko lanak. Horren ondorioz, eta kontuan hartuta ez dagoela lan osasuneko prebentziorik ezta arrisku psikosozialei buruzko ebaluaziorik, langile askorentzat egoera “jasanezina” da. Kasu askotan, estresak lanerako ezintasuna eragin du.

Sindikatuen esanetan, Hezkuntza Sailak ezagutzen ditu gertakari horiek eta institutuaren errealitatea, baina ez du neurri sakonik aplikatu nahi, hala nola, langileentzako ikerketa erreal, objektibo eta segurua eta arriskuen ebaluazioa egitea. "Argi dago Hezkuntza Sailak ez duela langileen lan osasunarekiko konpromisorik".