Langileen kontsolidazioa eta zaintza baimen ordainduak eskatu ditu ELAK Irakasleen Mahai Negoziatzailean

1.- Irakasleen kontsolidazio prozesuak abian jartzeko eskuduntzak defendatu behar dira, eta negoziazio erreala behar da.
Madrileko Hezkuntza Ministeritzak arautegian proposatu dituen aldaketak direla eta, EAEko behin-behineko 13.000 irakaslek kontsolidaziorako bermerik gabe jarraituko dute. Izan ere, abenduan aurkeztutako zirriborroren arabera, alde batetik, oposaketa-lehiaketa bidezko prozesuari dagokionez, baztertzailea izango den oposaketa fase bat aurreikusten du; 10etik 5 puntu gutxienez lortu behar ditu hautagaiak prozesuan jarraitu ahal izateko, beraz, postua lortu ahal izateko. Gainera, oposaketa faseak %60ko pisua izango luke, eta meritu lehiaketa faseak %40. Meritu lehiaketa bidezko prozesuari dagokionez, irakasle lanetan egindako denborak meritu gisa prozesu arrunt bat baino balio handiagoa izango badu ere, ez da nahikoa izango kontsolidazioa bermatzeko. Hori dela eta, ELAK Hezkuntza Sailari zera eskatzen dio: Espainiako Hezkuntza Ministeritzaren aurrean bere eskuduntzak defendatzea, arau aldaketa horiek arbuiatzea eta EAEko 13.000 behin-behineko irakaslerentzat kontsolidazio prozesu bermatzaileak negoziatzeko ahalmena eskuratu dezala.
Bestetik, bermedun negoziazio erreala eskatzen dio sindikatuak. 2021. urteko LEPra 1200 irakasle plaza ateratzea onartu du abenduan Jaurlaritzak. Behin-behinekotasunaren kronifikazioa dakar horrek, egoera horretan diren 13.000 langileen zati txiki batek lortuko ahalko duelako postua. Horregatik, kontsolidazio prozesu bat negoziatzen hastea eskatzen du ELAk, plaza nahikoekin eta bermatzailea izango dena.
2.- Gardentasuna eta planifikazioa pandemiaren kudeaketan.
Gabon oporren ondorengo eskola itzuleran, inprobisazioa eta informazio falta eta nahasmena nagusitu dira. Horren adibide da IRALE ikastaroekin gertatutakoa: ordezko zerrendetan lanerako prest milaka langile izanda ere, IRALEko ikastaroetarako ordezkapenak gauzatu eta bi egun eskasetara ikastaro horiek etetea erabaki zuen Jaurlaritzak. Eskoletan aplikatu beharreko protokoloak ere behin eta berriro aldatu ditu. Gauzak horrela, pandemiaren kudeaketaren inguruko planifikazioa, protokoloa zein eskoletarako irizpideak sindikatuekin partekatu eta adostea galdegingo dio ELAk Hezkuntza Sailari.
3.- Menpeko pertsonak zaindu behar dituzten irakasleentzat zaintza baimen ordaindua arautzea. Aurrez hainbat aldiz egin bezala, irakasleentzat ere zaintza baimen ordaindua arautzea eskatu du sindikatuak.