Lanuztea deitzea aurrerapausoa da, baina aldarrikapen nagusia Lan Hitzarmen on bat lortzea da
ELAk uste du ikastoletako langileen lan baldintzak hobetu eta hobekuntza horien betetzea bermatzeko tresna dela Lan Hitzarmen on bat lortzea. Aldi berean, argi dauka eduki onez eta betetze bermez betetako hitzarmena mobilizazio eta greba dinamiken eskutik etorriko dela. Horregatik azken urte luzeetan ez bezala, ikastoletako langileen lan baldintzen alde LABek lanuzte bat deitu izana positiboki baloratzen du, batasun sindikala bilatu gabe egina izan den arren.
Hala ere, ELAren ustez, ikastoletan beharrezkoa da LABek 2023an -UGT eta Interinok taldearekin batera- Jaurlaritzarekin sinatutako akordio laboralaren markoa gainditu eta aldarrikapen nagusiak jasoko dituen Lan Hitzarmen berri baten aldeko negoziaketa eta mobilizazio dinamikak abiaraztea.
Are gehiago Ikastoletako Lan Hitzarmen berria negoziatzeko mahaia irekita dagoela kontuan hartuta eta agerian geratzen ari den bezala akordio laboral deituriko hark eduki eskasak jasotzeaz gain, ez duelako inolako betetze bermerik. Jasotzen duen neurri bakarra ikastoletako langileen soldata langile publikoenekin homologatzea da (gainerako lan baldintzen inguruan deus zehaztu gabe); soldata homologazio horrek KPIa eta beraz erosahalmen galera gabeko soldatarik ez du bermatzen eta soldata homologazio hori bera ere langile guztiei bermatu gabe dago, besteak beste administrazio eta zerbitzuetako langile, Haur hezkuntzako lehen zikloko hezitzaile eta Hezkuntza laguntza Espazialistak.
Ikastoletako azken hitzarmena 2024ko abendutik iraungita dago. Hitzarmen hura Partaide eta EIB patronalekin LABek sinatu zuen. ELAk ez. Arrazoiak honako hauek izan ziren: hitzarmenak ez zuen Ikastoletako langileen erosahalmena bermatzen, ezta erretiro partziala hartzeko eskubiderik ere, eta ez zuen jasotzen enplegua bermatzeko prozedura gardenik eta lan kargak arintzeko neurri eraginkorrik.
Gaur egun 2025etik aurrerako Hitzarmena negoziatzeko mahaia irekita dago eta bertan ordezkaritza duten bi sindikatuek, ELAk eta LABek bere eskaerak aurkeztu dizkiete jada Ikastoletako bi patronalei, Ikastolen Elkarteari eta EIBri.
Hau horrela, ELAk negoziaketan dagoen Lan Hitzarmen berrian ikastoletako langile guztientzat hobekuntzak jaso daitezen mobilizazioen bidea jorratuko du, Ikastoletako patronalak eta Hezkuntza Saila interpelatuz. Bide hau batasun sindikalean egin nahiko luke ELAk. Hala helarazi izan du sindikatuen arteko harremanetan.