Haurreskolak Partzuergoa

Legea betetzea eta 77 lanpostu finkatzea exijitu du ELAk

2024/07/10
ELAk deituta, 77 lanpostu finkatzea eta kontsolidazio prozesuak zabaltzea aldarrikatu dute Bilboko Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean. Izan ere, pasa den martxoan, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia batek Partzuergoa eta Hezkuntza Saila kondenatu zituen Haurreskoletan egindako kontsolidazio prozesuan 77 hezitzaile lanpostu gehiago eskaintzera. Ebazpen hori ELAk aurkeztutako demanda bati esker heldu zen. Eskaini beharreko lanpostu kopurua handitzeaz gain, sententziak agerian utzi zuen Partzuergoan egindako kontsolidazio prozesuan irregulartasunak gertatu zirela. Era berean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Haurreskoletako langileek eskatu dute kontsolidazio prozesuak zabaltzea eta behin-behinekotasun % 8ra jaistea, horretarako behar adina lanpostu deituta.

Aldiz, Auzitegi Nagusiaren sententzia bete beharrean, hura errekurritu eta Auzitegi Gorenera jotzeko erabakia hartu zuten. Horrek ekar dezake sententzia ez aplikatzea eta auzia zenbait urtez luzatzea. Aldi berean, Haurreskoletako aldi baterako kontratuen gehieneko iraupena 6 hilabetetik 11ra luzatzea proposatu zitzaien sindikatuei, baina horrek, ELAren iritziz, ez du arazoa konponduko. Izan ere, enplegu finkoa bultzatu beharrean, egiturazko beharrizanak behin-behineko langileekin betetzeko aukera irekitzen baitu. Sindikatu guztiek onartu zuten proposamena, ELAk izan ezik, kaltegarritzat jo baitzuen, "are gehiago lanpostuak finkatzera behartzen duen sententzia bat izanda”. ELAk berretsi du Haurreskolak Partzuergoan enpleguaren arazo bat dagoela. Gauzak horrela, sindikatuak urteak daramatza langileen kontsolidazioaren alde borrokan eta bide horretan, sententzia aplikatzea, 77 langile finkatzea eta enplegu finko eta kalitatezkoaren aldeko politikak exijitu dizkie, beste behin ere, Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari.