Legebiltzarraren inplikazioa eskatu dute sindikatuek itunpeko irakaskuntzaren gatazkari irtenbidea eman ahal izateko

2013/10/21
Gaur sindikatuek agerraldia izan dute Eusko Legebiltzarrean itunpeko irakaskuntzako gatazkaren inguruan azalpenak emateko. Bertan alderdien eta Legebiltzarraren inplikazioa eskatu dute gatazkari irtenbidea eman ahal izateko.

Itunpeko irakaskuntzako Gizarte Ekimeneko negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiek hala eskatu agerraldia izan dute gaur Eusko Legebiltzarrean.

Agerraldian sindikatuek hezkuntzak sufritzen duen egoera kezkagarriaren eta azken urteetan zerbitzu publikoetan oro har eta hezkuntzan, modu berezian, inposatzen ari diren murrizketen testuinguruan salatu dituzte Eusko Jaurlaritzak itunpeko irakaskuntzarako hitzarturiko moduluetan emaniko murrizketak eta hauen baitan patronalek langileen bizkar jarri dituzten lan-baldintzen okertzea eta murrizketak.

Eusko Jaurlaritzaren eta itunpeko irakaskuntzako patronalen jarrera salatzeaz gain, Eusko Legebiltzarrari azaldu diote Eusko Jaurlaritzak ardura zuzena duela gatazka honetan, izan ere, 2010eko maiatzean gobernuak murrizketak inposatzeko erabakiaren ondotik garatu baita gatazka. Beraz, aurreko astean Hezkuntza Saileko arduradunek aditzera eman nahi izan zuten moduan, ia bere osotasunean diruz publikoz finantzatua den sarearen egoera larri honi eta hezkuntza sistemaren erdiari eragiten dion gatazka honetan Eusko Jaurlaritza ezin da ikusle edota bitartekari moduan bakarrik egon. Hein handi batean bere esku baitago gatazkaren irteera eta horretarako moduak aurkitzea exijitzea eskatu diote sindikatuek alderdi politikoei eta Eusko Legebiltzarrari.

Aldi berean sindikatuek adierazi dute patronalei hitzarmenaren betetzea exijitzen jarraituko dutela eta hitzarmen berri baterako negoziazio mahaia eskatzen inolako murrizketa planteamendurik gabe eta, lan erreformaren ondoren, ikastetxe guztietan aplikatuko denaren bermeekin. Diru publikoz finantziatua den heinean eta hezkuntza sistemaren erdia dela kontutan izanik Eusko Jaurlaritzari ere gauza bera exigitzeko eskatu diote sindikatuek legebiltzarrari.

Azkenik, bai Eusko Jaurlaritzaren aldetik baita itunpeko irakaskuntzako patronalek aldetik ere langileei egiten ari zaizkien eraso hauei konponbidea ematen ez zaien bitartean langileei mobilizazioa beste biderik ez dietela uzten azaldu dute sindikatuek.

Ikus sindikatuok Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldi osoa: