Legebiltzarreko alderdiek edukien gainetik akordioa irudikatzea lehenetsi dute Hezkuntza Legearen alde bozkatzean

2022/04/07
ELAren ustez, etsigarria da EAEko Legebiltzarreko osoko bilkuran Hezkuntza Batzordeak martxoak 28an onartutako Hezkuntza Legerako oinarriak berretsi izana EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen botoei esker. Sindikatuaren ustez, alde bozkatu dute akordiorako gaitasuna dutela erakusteko, besterik ez; izan ere, funtsezko gaietan ez dira benetako aldaketak adostu, hobekuntza nabariak egin dituztenaren plantak egin arren. Sindikatuak iragarri du eskoletan lanketa eta batzarrak egingo dituela eta beharrezko mobilizazio eta grebak bultzatzeko prest dauden eragileekin elkarlana bultzatuko duela datozen hilabeteotan, Hezkuntza sistemako langileak eta lan baldintzak aintzat hartu daitezen Hezkuntza Legean, baita edukiak baldintzatu eta hobetzeko ere.

Gainera, sindikatua kexu da prozesu osoa langileei bizkarra emanez egiten ari delako, horien parte hartzerik gabe eta lan baldintzen aferari erreparatu gabe.

“Argi dago egungo hezkuntza sistema betikotzeko proposamen baten aurrean gaudela. Horrela, oinarrian dena berdin uzteko bi bide erabili dituzte azken testuan: batetik, literatura eta abstrakzioa erabiltzea, eduki bera bakoitzak nahi bezala interpretatu ahal izateko. Bestetik, legean adosterik izango ez dituzten gaiak legea onartu eta gerorako arautegi batera bideratu dute”.

Patronal, indar politiko eta gobernuek urteetan hartu eta adostutako erabakien ondorioz, ikasleak euskalduntzeko gero eta zailtasun handiagoak daudela dio ELAk, eta gero eta “uniformatzaileagoa, merkantilistagoa eta segregatzaileagoa” dela egungo Hezkuntza sistema.

ELAk argi dauka errealitate hori aldatu behar dela eta horretarako jomuga gisa lan baldintza egokiak izango dituen sare bakarreko hezkuntza sistema propioa, euskalduna, publikoa, inklusiboa eta anitza hartu behar dela dio. “Helburu horretara iristeko balizko trantsizio bat egingo bada, hezkuntza sistema osatzen duten langile guztiak kontuan hartuta egin beharko da”.

Orain arteko prozesuak, ordea, hori horrela ez dela erakusten duela salatu du ELAk. “Bereziki larria da akordioa sinatu duten alderdiek, marko arautzaile eta kurrikular propio bat eraikitzeko lege bat landu ordez, Espainiako estatutik inposatutako hezkuntza marko kurrikularra eta arautzailea ontzat eman dutela, eta babesa eman diote horrekiko menpekotasuna onartuko duen hezkuntza legearen eraikuntzari. Marko normatiboa eztabaidatu gabe, Euskal lege eraldatzailea egin daitekeeneko ustea fikzio hutsa da”, kexu da sindikatua.

Azkenik, Hezkuntza Legeari begira, hona hemen ELAren eskaerak:

  • Norabidea ezartzea. Lan baldintza egokiak izango dituen hezkuntza sistema propio, euskaldun, publiko, inklusibo eta anitza ezartzea hartu behar da jomugatzat.

  • Marko normatibo eta kurrikular propioa. Espainiako kongresuaren eskuduntzen zein kurrikulumaren inposaketaren aurrean, eskuduntza markoa eztabaidatu eta marko kurrikular propioa eraikitzeko prozesua ezartzea.

  • Hezkuntza inbertsioa gehitzea. 3 urtetan, Hezkuntzan Europar batezbesteko inbertsiora iristea, BPGren %6rako ibilbidea egiten hasteko.

  • Lan baldintza egokiak Hezkuntzan. Hezkuntzan lan baldintza egokien ezarpenean pausoak ematea. Besteak beste, hezkuntza publikoko behin-behinekoen kontsolidazio prozesuen negoziaketa, sare ezberdinetako langileen baldintzen homogeneizazioa, edo ratio hobekuntza nabariak jaiotze tasaren murrizketa hezkuntza kalitatea hobetzeko baliatuz.

  • Segregaziorik gabeko hezkuntza. Segregazioarekin amaitzeko neurri zehatzen ezarpena. Besteak beste, kuota mota guztien desagerpena, finantzaketa gardentasunerako mekanismoen ezarpena, jarudera eta ekipamenduen kontrola edo matrikulazio bulego bakar baten ezarpena.

  • Sare bakarreko hezkuntza. Egungo sare banaketa gainditu eta publikoa izango den sare bakarrerako transizio neurrien diseinua. Besteak beste, borondatea luketen eskolen publifikaziorako marko egonkor baten ezarpena.

  • Hezkuntza euskalduna. Ikasleen euskarazko jakintza bermatzeko, euskarazko murgiltze ereduaren ezarpena.

  • Hezkuntza merkatuen interesetik at. Hezkuntza sistemaren desmerkantilizaziorako neurriak, software libreak garatzeko baliabideak bermatzea esaterako.