Urriaren 12an LOMCE ez! Euskal Herrian, gure hezkuntza eraiki! lemapean manifestazioa

Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, argi adierazi dugu azken hilabete luzeetan Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformarekiko gure aurkakotasuna. Zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau bertan behera uzteko exijitzen dugu eta inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian inposa dezaten.
Hau honela, ekainean aurreratu moduan, hezkuntza komunitate osoari eta euskal herritarrei dei egiten diegu urriaren 12an Bilboko kaleak betetzera LOMCEri aurkakotasuna adierazi eta aurre egiteko eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko.
Mobilizazio honen bidez, gure desadostasuna agertzeaz gain, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabili ditzatela. Modu berean, hezkuntza eragileok gure konpromisoa berresten dugu LOMCEri aurre egin eta gure herrian aplika ez dadin estrategia komunak lantzeko.
Bestalde, azken hamarkada luzeetako bideari jarraituz, hezkuntzako eragile ezberdinok, konpromisoa adierazi nahi dugu eraso hauei guztiei aurre egingo dien eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntzari erantzungo dion hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean pauso berriak emateko.
Honegatik guztiagatik, dei berezia egiten diegu ikasle, familia, hezkuntzako langile eta herritar orori datorren urriaren 12an, arratsaldeko 17:30etan Jesusen Bihotzetik abiatuta, Bilboko kaleak bete eta ozen esan dezagun:
EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA ERAIKI! LOMCE EZ!