LOMCE legearen aurkako elkarretaratzeak Bilbo eta Iruñean eta larunbateko manifestaziorako deia

2013/10/10
Espainiar Estatuko Kongresuak LOMCE legea onartuko du gaur senatuko tramitera pasa dadin. Honen aurka eta datorren larunbateko manifestazioaren aldeko deia egiteko elkarretaratzeak egin dira Bilboko eta Iruñeako Espainiako Gobernuaren Delegazioetan sindikatu -ELA barne- eta beste hainbat eragilek deituta.

 

Gaur Espainiako Kongresuan onartua izan da LOMCE hezkuntza erreforma PP-k duen erabateko gehiengoaz baliaturik. Legeari oraindik Senatuko tramitea falta zaion arren, ganbera honetan ere Partido Popularrak duen gehiengoa ikusirik, hezkuntza erreforma basati hau behin betiko onartua izango dela aurreikus liteke.

Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, argi adierazi dugu azken hilabete luzeetan Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformarekiko gure aurkakotasuna. Gure ustetan legea hau guztiz zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista da, ez du ez hezkuntza komunitatearen ezta jendartearen babesik eta, ondorioz, ez dugu inola ere Euskal Herrian inposa dezaten onartzen.

Gure desadostasuna agertzeaz gain, ordea, legeak onartzeko bidea hartu duela ikusirik, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabili ditzatela. Modu berean, azken hilabeteetan adierazi moduan, hezkuntza eragileok gure konpromisoa berresten dugu LOMCEri aurre egin eta gure herrian aplika ez dadin estrategia komunak lantzeko.

Behin eta berriro gure hezkuntza sistema baldintzatzen duten honelako erasoei behin betikoz aurre egin asmoz eta azken hamarkada luzeetako bideari jarraituz, hezkuntzako eragile ezberdinok, beste behin konpromisoa adierazten dugu Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntzari erantzungo dion hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean pauso berriak emateko.

Hau guztia honela, gaurkoan indar bereziz, dei egiten diegu ikasle, familia, hezkuntzako langile eta herritar orori LOMCEri aurkakotasuna adierazi eta aurre egiteko eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko. Datorren larunbatean, urriaren 12an, arratsaldeko 17:30etan Jesusen Bihotzetik abiatuta, Bilboko kaleak bete eta ozen esan dezagun: