LOMCEa “nafartar erara” ala LOMCEa nafartarren aurka?
Hezkuntza kontseilariak, Jose Iribasek, UPNko Gobernuak LOMCEa “nafartar erara” ezarriko duela adierazi du; esaldi hau, berez, oinarrizko kontradikzio gaindiezina da: LOMCEa Nafarroaren eta bere eskuduntzen aurka baitoa.
ELA sindikatuaren iritziz, Iribasek argi utzi du bere adierezpenekin gizartearen gehiengoak eta hezkuntza komunitateak LOMCEari azaldu dion gaitzespena, manifestazioetan, lanuzteetan eta protesta ekimenetan, kontuan hartuko ez duela.
Halaber, LOMCEa ez da inoiz nafartarra izango, nafartarrek nahi duten hezkuntza aukeratzeko eskubidea ukatzen dielako; berezko hizkuntza ereduei eraso egiten dielako, eta Foru Parlamentuak sexuen arabera ikasleak banatzen dituzten eskolak ez ituntzeko hartu zuen erabakiaren gainetik ezartzen delako.
Aurreko guztiagatik, ELAk Iribasi exijitzen dio Nafarroan LOMCEa ez ezartzeko eta lege honen aurka objekzio eta intsumisio ekintzak bultzatzeko.