LOMCEri aurre egin eta gure hezkuntza eraikitzeko gida aurkeztu dute Bilbon hainbat eragilek

2014/05/06
Ikasle Abertzaleak, Sortzen, Ikastolen Elkartea, Hik Hasi, UEU eta ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek “Gure Gida” izeneko dokumentua aurkeztu dute gaur goizean. Gida honen helburua, LOMCEri aurre egin eta gure herrian aplikatu ez dadin estrategia komunak lantzea eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema propioa hedatzea da.

Arestian aipatutako bi norabideez gain nahi eta behar dugun hezkuntza propioa eraikitzeko ondorengo ardatzak ere adostuak dituzte eragileok :

  • Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusibo, konpentsatzailea, integratzailea eta hezkidetzailea. Aukera berdintasunean, ekitatean eta kalitatean oinarritua.

  • Euskal Herriarentzat curriculum propioa.

  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra.

  • Hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan.

  • Euskal Herrirako aurretiaz aipatutako puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa.

Behin norabidea eta ardatzak finkatuak izanik asmoa tresna eraginkor eta erabilgarria sortzea izan da. Garbi izanik tresna honek hiru helbururi erantzun behar diola.

Batetik, LOMCEk suposatzen duen inposizioari modu kolektiboan aurre egitea, ez aplikaziorako bidea zabaltzea eta etorkizuneko hezkuntza propioaren garapenean urratsak ematen joatea.

Gure Gida zirriborroa eragileon arteko adostasunak barnebiltzen ditu eta gaurko egunetik aurrera guztion artean maila teorikoan zein praktikoan osatzeko erronka du.

Gure Gidak tresna dinamikoaren izaera du, idatzitakotik praktikara eramaterako orduan tokian tokiko errealitate, erritmo, dinamika zein apustuei laguntzeko bitartekoa izan nahi baitu.

Prozesu honetan hezkuntza komunitate eta herritar ororen inplikazioa sustatzeko mekanismoak: herri asanbladak, blogak, eragile eta antolakundeekin bilerak...martxan jarriko ditugu.

Guzti hau egoki egin ahal izateko lehen urrats moduan datorren larunbatean, hilaren 10ean Agurainen hezkuntza komunitateari eta jendarte osoari zuzenduriko jardunaldi irekiak burutuko dira.

Agurainen egiten dugun aurkezpenarekin batera parte hartze prozesua abiatzen dute, beharrezkoak diren bitartekoak ikasturte honetan zein hurrengoaren hasieran martxan jarriz.

Gonbidapena Jardunaldia Agurain