Manifestazioak Donostia, Bilbo eta Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politika salatuz

Ikus manifestazioetako argazkiak
Edozein herrirentzat Hezkuntza funtsezkoa den ondare eta zerbitzu publikoa da, funtsezkoa bere garapen, kohesio eta ongizaterako. Hego Euskal Herrian ordea, gobernuen aldetik jasotzen duen tratua eta ondorioz bizi duen egoera ez da sinestarazi nahi digutena. Kalitateari eusten bazaio bertan diharduten langileen eta hezkuntzako beste eragileen inplikazio, lana eta esfortzuagatik da, baina ez gure administrazioek ematen dioten garrantziagatik edota bertara bideratzen dituzten baliabideengatik. Azken hamarkada luzeetan Hego Euskal Herrian Barne Produktu Gordinaren %3,5 inguru besterik ez da bideratzen hezkuntzara. Hau da, herrialde garatuenek bataz-beste bideratzen dutena baino 1,7 puntu gutxiago, 1.433 milioi euro gutxiago, 520 euro gutxiago biztanleko eta urteko (Danimarkak baino 3.620 milioi gutxiago, Frantziar Estatuak baino 1.730 milioi gutxiago edo Espainiar Estatuak baino 674 milioi gutxiago).
Egoera honi, krisia aitzakia, 2010-11 eta 2011-12 ikasturteetan egin diren eta sakontzen darraiten murrizketak gehitu dizkiete gobernuek eta hezkuntzako patronal ezberdinek, bakoitzari dagokion erantzukizunaren mailan. Hezkuntzaren sektore eta esparru guztietan inposatu dizkiguten murrizketak eta plantillei, soldatei, ordezkapenei, lan-kargei, langileen prestakuntzari, hezkuntza proiektuei, etab. eragiten dietenak. Jakina da honelako erasoek lan-baldintzen okertze nabarmena dakartela beraiekin eta, honi zuzenean lotuta, hezkuntza kalitatearen kaltetze nabarmena. Ikasleek beraien heziketa beharrei erantzungo dieten langile gutxiago dituzte, sarritan astebetez edo gehiagoz ez dute ordezkorik, langileek behar bereziak dituztenekin egoteko, ikasgaiak eta materiala prestatzeko edota hezkuntza proiektuetarako ez dute denbora nahikorik, prestakuntzarako ere denbora eta baliabide urriagoak dituzte, gauza bera euskara hobetzeko, etab.
Gezurra da dirurik ez dagoela, gezurra da krisiak behartzen dituela erabaki hauek hartzera. Ez dute zerga politika aldatu nahi, ez diete gehien dutenei gehiago eskatu nahi eta hezkuntza ez daukate beraien inbertsio lehentasunen artean. Hori da benetako arazoa, hori da egoera honetara ekarri gaituen arazoa eta hori da konponbidea: Zerga politikak aldatzea, aberastasuna banatzea eta inbertsio sozialak handitzea.
Azken bi ikasturte hauetan, hezkuntzako sektore ezberdinetako langileok (haurreskoletakoek, irakaskuntza publikoko kolektibo ezberdinek, gizarte ekimeneko ikastetxeetakoek, ikastoletakoek, unibertsitatekoek) ekimen eta mobilizazio ezberdinak egin ditugu egoera salatuz, murrizketak atzera bota ditzaten exijituz eta politikak aldatzeko eskatuz; eta bide horretan jarraituko dugu sektore eta esparru hauetan guztietan.
Gaur ere, hemen gauden sindikatuetako ordezkariak, langile, ikasle, guraso, hezkuntzako eragile eta herritarrak, Hego Euskal Herrian hezkuntza bere osotasunean bizi duen egoera eta gainezarritako murrizketak salatzen ditugu, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta hezkuntzako patronalei murrizketak atzera botatzea exijitzen diegu eta hezkuntzari duen garrantzia ematea eta beharrezkoa duen inbertsioa egitea eskatzen diegu.
Horretarako, hezkuntzako langile guztiei, ikasleei, guraso eta hemen bilduriko guztiei dei egiten dizuegu zuen ikastetxeetan eta inguruan egoera salatu dezazuela eta gizarte osoari jakin arazi diezazkiozuela politika hauen ondorioak.
Eskerrak ematen dizkizuegu gaur hemen bildu zareten guztioi. Nafarroan greba egun arrakastatsua burutu dugu eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazio jendetsuak egitea lortu dugu. Aurrerantzean ere murrizketen aurka, gure eskubideak defendatzen eta kalitateko hezkuntza eta zerbitzu publikoen alde borroka egiten jarraitu behar dugu. Guk egiten ez badugu ez du inork egingo.
Gure herriak, gure haur eta gazteek, gurasoek eta jendarteak bere osotasunean behar du kalitatezko hezkuntza eta horren defentsan eta aldarrikapenean jarraituko dugu lortzen dugun bitartean.