Milaka lagun irten dira kalera LOMCE hezkuntza erreformaren aurka eta Euskal Herrian gure hezkuntza erabaki eta eraiki behar dugula aldarrikatzera

2013/03/02
Hezkuntzako langile, guraso eta ikasleen ordezkaritzak deituta milaka lagun atera dira gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan LOMCE, Wert ministroaren hezkuntza erreforma, salatzeko, murrizketa politika aldatzea exijitzeko eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza indartzea eta Euskal Herrian erabaki eta eraiki dezagun pausoak ematera eskatzeko. Deialdia ELA, LAB, STEE-EILAS, Ikasle Abertzaleak eta Sortzen-Ikasbatuazek egin dute, hezkuntzako eta gizarteko eragile ezberdinen atxikimendua jaso du eta hezkuntza-komunitatearen eta jendartearen oso babes zabala izan du.

Deitzaileek, gaur kalera irten diren milaka pertsonak zoriondu dituzte, baina gaurkoa LOMCE aurreproiektuaren aurkako lehen pausoa izan dela azpimarratu dute eta aurrerantzean ere bidea eta borroka luzea eta gogorra izango direla. Gaur hasiriko bideari jarraiki, hezkuntza-komunitatearen eta jendarte osoaren erantzun sendoa beharrezkoa dela azpimarratu dute hezkuntza erreforma aurrera irten ez dadin eta Euskal Herriko ikasgeletan sar ez dadin.

Dei berezia egin die Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari erreformari aurre egin diezaioten eta Euskal Herrian ezar ez dezaten.

Modu berean, gogoan izan dute gobernu ezberdinak inposatzen ari diren murrizketa politika basatiak eta bai hezkuntzan baita zerbitzu publiko eta gizarte politiketan ere politikak erabat aldatzea eskatu dute. Euskal Herrian murrizketak eta hezkuntza erreforma atzerakoiak alde batera utzi eta euskaldunok behar eta nahi dugun hezkuntza politika eta sistema erabaki eta eraikitzera dei egin diete gobernu eta alderdi politikoei eta bide hori har dezaten exijitzea eskatu diete hezkuntza eragile eta jendarte osoari.

Irakurri manifestua

Entzun Irrati Elkarrizketa