GIZARTE EKIMENA

Milaka langile batu dira urtarrileko azken greba egunean

2024/01/25
Sindikatuek patronalei eskatu diete edukiak lehenbailehen mahai gainean jartzeko. Aurrerapausorik ezean, otsailerako beste bost greba egun deituak dituzte sindikatuek.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek Hitzarmenaren alde egiten duten hamalaugarren greba eguna da gaurkoa; urtarrilerako deitutako bost greba egunetako azkena. Greba jarraipen zabala izaten ari dira, batez beste %65ekoa. Gaurkoan ere 4.000 langile inguru izan dira Bilboko manifestazioan.

Sindikatuek hitzarmena sinatzeko aukera emango duten adostasunak lortu nahi dituzte. Horregatik, lehenbailehen gakoak diren gaietan gutxieneko edukiak ekartzeko eskatu diete patronalei. Jaurlaritzari oztopoak jartzeari uzteko eta bere esfortzuak gatazka bideratzera zuzen ditzala eskatu diote.

Urtarrileko greba aurreko asteetan, patronalek bileretara deitu dituzte sindikatuak, baina akordioa lortzeko gakoak diren gaietan ez dute gutxieneko edukirik aurkeztu. Funtsezko eskariak honakoak dira: Lan kargak arintzeko neurriak, sektore feminizatu eta prekarioenentzako hobekuntzak, enplegua bematzeko neurri zehatzak, Lanbide Heziketako edukiak eta KPIa bermatuko duten eta finantzaketa publikoari lotu gabeko soldatak.

Jaurlaritza gatazka bideratzeko esku hartu beharrean, oztopoak jartzen ari da. Gehiegizko zerbitzu minimoak ezarriz eta Gizarte Ekimeneko negoziaketak baldintzatzeko asmoz hurrengo hiru urteetarako erosahalmenari eustea bermatzen ez duen finantzaketa publikoari lotutako soldata akordioak inposatu nahi izanez Gizarte Ekimeneko greba bezperetan.

Langileen eskaerak oso oinarrizkoak dira, baina Patronalek etxeko lanak egin gabe jarraitzen dute, eta Jaurlaritza sindikatuok presionatzeko saiakeran dabil edukiak jarri gabe gatazka amaituko delakoan. Sindikatuek beste bost greba egun dituzte deituta otsailerako, hilaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako. Aurrerapausorik ezean, greba dinamikarekin jarraitu beste biderik ez dute izango.