Milaka langile, guraso eta ikasle mobilizatu dira gaur LOMCE eta Heziberriren aurka, murrizketak salatzeko eta Euskal Herrian gure hezkuntza sistema garatzeko

2016/10/26
Gaur, urriak 26, ELA eta STEILAS sindikatuok Hego Euskal Herriko ikastetxeetan ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzeak deitu ditugu unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan, bai publikoan baita itunpekoan ere. Goizeko lehen orduan dozenaka ikastetxek burutu dituzte lanuzteak eta elkarretaratze jendetsuak. Arratsalderako deituriko manifestazioetan jendetza bildu da lau hiriburuetan.

Hemen eguneko argazkiak

Gaur, milaka hezkuntzako langile, guraso eta ikaslek argi utzi dute LOMCEren aurka daudela, baita Heziberriren aurka EAEn ere. Ozen salatu salatu dute Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza espainiar gobernuaren hezkuntza erreforma modu gordinean ezartzen ari direla, gure hezkuntza sistema txikituz. Iribas eta Uriartek bere egiten dituzten errebalidak onartzeko prest ez daudela adierazi dute.

Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari inolako kanpo inposiziorik gabe gure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko konpromisoa eskatu diote, herritarron eta hezkuntza komunitate osoaren behar eta nahietan oinarritua.

Uriarte Sailburuak goizean esandakoa guztiz gezurtatuz, Heziberrik egungo oinarrizko hezkuntza legedia bere egiten du, hau da LOMCE. Hezkuntzaren ikuspegi merkantilista barneratu egiten du, edukiak eta curriculumak bertan oinarritzen dira eta azken azterketak ere indarrean dagoen legediak arautzen ditu, hau da LOMCEk.

Sailburuak esan du Heziberri hezkuntza eragile guztiekin adostua izan dela. Nola ausartzen da Uriarte anderea hori esatera? Sindikatuon erabateko gehiengoa, guraso elkarteak eta ikasle elkarteak behin eta berriro eta gaur bertan LOMCE eta Heziberriren aurka azaldu gara. Zeri deitzen dio adostasuna Jaurlaritzak? eta norekin adostu du? Hezkuntzako patronalekin? Horri hezkuntza eragileekin adostasuna deitzeak agerian uzten du jaurlaritza honen ordezkaritza demokratikoa eta adostasunak ulertzeko modua.