Itunpeko ikastetxeak

Milaka langilek babestu dute hamahirugarren greba eguna

2024/01/24
Milaka langilek hartu dute parte EAEko hiru hiriburuetan egindako mobilizazioetan, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako hamahirugarren greba egunean. Bihar, urtarrilak 25, greba eguna izango da eta manifestazioa egingo dute Bilbon, 11:30ean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik abiatuta. Grebaren aurreko asteetan, patronalek bileretara deitu dituzte sindikatuak, baina akordioa ez da posible izan ez dutelako gutxieneko edukirik aurkeztu ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuentzat funtsezkoak diren gaietan.

Bitartean, sindikatuek salatu dute Jaurlaritza, esku hartu beharrean, oztopoak jartzen ari dela. "Gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu, eta greben bezperan negoziazioak baldintzatzen saiatzen da langileentzat onuragarriak ez diren soldata akordioak inposatu nahian. Izan ere, soldatak datozen hiru urteetarako finantzazio publikora baldintzatu nahi ditu, beti ere, erosahalmena bermatu gabe”, kexu dira sindikatuak.

Sindikatuek berriz adierazi dute akordioa lortu eta hitzarmena sinatu nahi dutela, baina horretarako beharrezkoa dela gai klabeetan gutxieneko eduki batzuk mahai gainean jartzea, besteak beste, honako hauek: lan kargak arintzeko neurriak; sektore feminizatu eta prekarioenentzat hobekuntzak; enplegua bermatzeko neurri zehatzak; Lanbide Heziketako edukiak; eta KPIa bermatuko duten eta finantzaketa publikoari lotu gabeko soldatak.

Langileen eskaerak oso oinarrizkoak dira. Halere, patronalek etxeko lanak egin gabe jarraitzen dute eta Jaurlaritza sindikatuak presionatu nahian dabil edukiak adostu gabe gatazka amaituko delakoan. “Hau ez da bidea. Lehenbailehen edukiak ekartzeko eskatzen diegu patronalei. Jaurlaritzari, berriz, utzi diezaiola oztopoak jartzeari eta bideratu dezala, behingoz, gatazka”, diote ELA, Steilas, CCOO, LAB eta CCOO sindikatuek.