Miren Zubizarreta: “Jaurlaritzari eta alderdiei eskatzen diegu Hezkuntza Legeak aintzat hartu behar dituela langileon eskaerak hezkuntza sistema publikoa, propioa eta euskalduna lortzeko”

2022/12/14
ELA, STEILAS eta LAB sindikatuek egindako bi greba egunak positibotzat jo ditu Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunak. Jarraipena garrantzitsua izateaz gain, Hezkuntza publikoaren, propioaren eta euskaldunaren aldeko langileen eskaerak kalera atera direlako. Hala adierazi du Gasteizen egindako manifestazioaren atarian.

Izan ere, Zubizarretaren hitzetan, Jaurlaritzak entzungor egiten die sindikatuen eskaerei: “2021eko irailetik ari gara Hezkuntza Sailari ekarpenak egiten, baina ez dute norabide aldaketarik egiten. Horregatik diogu hau ez dela greba 'prebentibo' bat, bestelako Hezkuntza Lege baten premia dagoela aldarrikatzeko greba da”. Hezkuntza Legearen aurreproiektuak ez baitu murgiltze ereduaren alde egiten, ezta lege marko zein curriculum propioaren alde ere, eta langileen lan baldintzak ez direla jorratzen, salatu duenez, besteak beste. “Hezkuntza sistemak arazo estrukturalak ditu. Hezkuntza publikoko behin-behinekotasuna da horren adibide, baita itunpeko langileen lan baldintzak ere, Jaurlaritzak azpikontratatutako langile merkeagoen trataera ematen dielako. Jaurlaritzaren aurreproiektuak, aldiz, egungo sistema betikotzen du, baita bere gabezi eta arazoak ere”.

Hori dela eta, Jaurlaritzari eskatu dio langileen eskaerak jaso ditzala, eta Legebiltzarreko alderdiei, lan egin dezatela hori horrela izan dadin. Horretarako, elkarrizketa erreala ere eskatu du ELAko Hezkuntza arduradunak.