Mobilizazio eta greba deialdi berria itunpeko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

2014/02/14
Kristau Eskola sindikatuen oinarrizko aldarrikapenak onartzeko prest agertzen ez denez mobilizazio fase berri bat deitu dute ELA, STEE-EILAS, CCOO eta UGT sindikatuek martxoaren bukaeran, hainbat greba egun eta protesta ekimen izango dituen aste batekin.

Patronalak EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen 2008-09 hitzarmena behin eta berriz urratzen duenez, eta auzitegien epaiak betetzeari uko egiten dionez, gatazka hasi zenetik sektoreko langileok mobilizaziora jo beharrean gertatu gara, gure eskubide eta lan-baldintzak defenditzearren.

Iraila eta abendua bitartean egindako mobilizazio eta greben ostean, patronala eta sindikatuok hainbat bider bildu gara nork bere jarrera azaltzeko eta gatazkari irtenbidea bilatzeko asmoz.

Alde sindikaletik ikusi dugu patronala ez dagoela prest aldarrikapen sindikal nagusia onartzeko: EAEko Auzitegi Nagusiaren (TSJPV) epaia noiz beteko duen zehaztea, eta hitzarmena aintzat hartu eta bere osotasunean aplikatzea (ikus sindikatuok akordiorako urtarrilaren 16 eta 29an luzatutako proposamena).

Horretarako, sindikatuok gure prestutasuna agertu dugu parekatzeko batetik, hitzarmena dagozkion taulekin eguneratzeko egin beharreko ahalegin ekonomikoa, eta bestetik Kristau Eskolak bere proposamenean egiteko prest dagoen esfortzua. Horrela 2012 eta 2014 bitartean metatu den zorraren ordaina atzeratu egingo litzateke, eta EAEko hitzarmena bere osotasunean berreskuratuko genuke, laster izan beharreko data jakin baterako. Modu berean, gure konpromisoa adierazi dugu 2015eko abenduan itunduriko moduluetan murrizketak mantenduko balira elkarrekin egoera aztertzeko eta errealitate berriari irteera emateko.

Bere proposamenean Kristau Eskolak, EAEko hitzarmena teorian aintzat hartzen duen arren, muga jakinik gabe soldata murrizketak bere horretan mantendu nahi ditu, finantziazio publikoaren esperoan. Planteamendu honek praktikan airean uzten du hitzarmenaren aplikazioa bere osotasunean, hitzarmena “de facto” finantziazio publikoarekin lotzen du, eta egungo nahiz etorkizuneko finantziazioaren inguruko zalantzak langileon bizkar ezartzen ditu nagusiki. Horrek esan nahi du eskatzen digutela uko egitea auzitegiek behin eta berriz aitortu dizkiguten eskubideei, eta orain eta gero hitzarmenak ezartzen dizkien betebeharrei iskin egin nahi diete.

Sindikatuok, orain arte egin dugun moduan, gure prestasun osoa adierazten dugu negoziatzen jarraitzeko eta ahalik eta lasterren akordio batera iristeko aukera guztiak jorratzeko. Patronalaren proposamenean aldaketarik ez badago ordea, gatazka irtenbiderik gabeko zoko batean sartuko litzateke, eta horrenbestez langileok berriro ere mobilizatzera behartzen gaituzte.

Kristau Eskolak zein AICEk beren jarrera alda dezaten eta sindikatuon iritziz oinarrizko eta bazter ezinekoak diren aldarrikapenak onar ditzaten, ELA, CC.OO., STEE-EILAS eta UGT sindikatuok -sektoreko langileen %90 ordezkatzen dugunok- mobilizazio fase berri bati ekingo diogu, besteak beste martxo amaieran hainbat greba egun eta protesta ekimen izango dituen aste bat burutuko dugularik.

Beraz, langileei berriro ere mobilizaziora dei egiten diegu patronalei, murrizketen pisu nagusia langileoi inposatu nahi izateko beraien estrategia alde batera utzi eta EAEko hitzarmena bere osotasunean betetzen has daitezela eta berrekin diezaiotela berau berritzeko negoziazioei, inolako murrizketa planteamendurik gabe eta beharrezko diren aplikazio bermeekin.

Halaber, orain arte egin izan dugun moduan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu langileak sakrifikatuko ez dituen eta hezkuntza sistemari eta langileen egoerari egonkortasuna emango dion irteera bidea aurki dezala.

Baldin eta bai Kristau Eskola eta AICE patronalek baita Eusko Jaurlaritzak ere-gatazkaren arduradun nagusi den heinean- irtenbiderik emateko asmorik ez badute eta gure erreibindikazioei erantzun egokirik ematen ez badiote, mobilizazioari eustea beste aukerarik ez digute utziko.