Mobilizazioak Ikastola eta Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Azken lau urteotan, ikastoletako eta gizarte ekimeneko deituriko ikastetxeetako langileen lan baldintzek okerrera egin dute era nabarmenean: lanpostuen suntsiketa, eros ahalmenaren galera (%17etik gorakoa), lan zama handitzea... Sektoreko langileok eta ikastetxeak bizi duten egoera larrian Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen bidez urtez urte gauzatzen ari den murrizketa politikak eragin zuzena izan badu ere, ikastetxeen titularrak dira murrizketa horiek langileen soinean jarri dituztenak.
Titularrek, 2010ko udatik aurrera aldebakarrez ezarri zituzten murrizturiko soldatak ordaintzen jarraitzen dute, Auzitegi Gorenak legez kanpokoak direla ebatzi arren. Sententziaren ondorioz sortu den zorraren kontuaz gain, negoziazio kolektiboaren blokeoarekin egin dugu topo, izan ere lau urte daramagu lan hitzarmen berriak negoziatu gabe, orain arte oztopoak eta aitzakiak baino ez dituztelako jarri negoziatzeko orduan.
Sektorean gehiengo zabala osatzen dugun sindikatuok (ELA, LAB, CC.OO., STEE-EILAS) argi dugu hitzarmen berria negoziatzeko abiapuntua 2008-09ko lan hitzarmena betetzea izan behar dela eta titularrak ezin direla prozesu negoziatzaile berriaz baliatu soldatak Jaurlaritzaren finantziazio murriztuari lotzeko edo lan erreformak eskaintzen dituen murrizketak sektorean ezartzeko.
Hori aldarrikatzeko, ELA, LAB, CC.OO. eta STEE-EILAS sindikatuek maiatzaren 23ko mobilizaziotan parte hartzera deitzen die ikastoletako eta gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileei, gure lan baldintzen defentsari eta sektoreko murrizketei aurre egiteko modu bakarra borroka dela gogoratuz.
Gasteizen, 18:30etan Correos Plazan
Donostian, 18:00etan Bulebarrean
Bilbon, 18:00etan Rekalde Zumardia 19n (Eskolapioak)