Nafarroako Gobernuak euskarazko plazak murriztu eta diskriminazioa mantendu du
Helegiteak 100 plaza kentzera behartzen du, baina ez du esaten zeintzuk izan behar duten. Beraz, Nafarroako Gobernuak, inolako arrazoi juridikorik gabe, erabaki du behar diren baino 20 plaza gehiago kentzea, eta gainera, horiek guztiak euskaraz. Erabaki honetan, ez dira irizpide teknikorik izan, baizik eta politikoak eta korporatiboak: betiko erregimena babestu duten alderdi eta sindikatu dira erabaki hau ospatzen dutenak, batez ere Gobernu berriak euren proposamena berea egin duelako.
Irizpide teknikoak izango balira, ez lukete murrizketarik egingo behar gehien dagoen sektoreetan, eta berdintasunaren irizpidean oinarrituko balute, zerrenda bakarrarekin hasiko lirateke.
ELAk ez dio EPE honi bere babesa emango, are gutxiago deialdiaren proposamenean zerrenda bakarraren aipamenik ez dagoela ikusita. Administrazio osoan zerrenden bikoizketa hau Irakaskuntzan besterik ez da gertatzen eta ez dago arrazoi objetibo bat bera ere euskaldunekiko egiten den diskriminazio hau mantentzeko.
Gobernu honen jokaerak etsipena ekarri digu benetako aldaketaren alde lan egiten dugunoi, Gobernu berriak aurrekoaren antza handia duelako. ELAk argi du egoera ez dela erraza, baina beste aukerarik bazegoen. Alde batetik, zerrenda bakarra jartzea eta bestetik, 120 plaza kendu beharrean, irizpide teknikoetan oinarritzea eta egoerak uzten duen kopurua ateratzea, ez gutxiago.
Gainera, Nafarroako Gobernuak agerian utziko balu ez duela gehiengo sindikalarekin akordiorik nahi, ez luke oinarri demokratiko hori errespetatuko. Gauzak horrela, ELAk mobilizazioetara deituko du.