Nafarroako Gobernuak UPNrekin bat egin du IIP-PAIren alde eta irakaslea izateko ingeleseko C1 eskakizunaren alde

2018/03/07
Hizkuntzen Tratamendu Integratuaren jaurdunaldietan bakarrik IIP (Ingelesez Ikasteko Programa) duten ikastetxeen adibideak aurkeztu ditu, jakinda HTIa PAIrik gabeko zentroetan ere lantzen dela. Aldi berean, Gobernuak UPNren lege proposamenari babesa eman dio atzerritar hizkuntzan C1 maila eskatzeko maisu/maistren kidegoan sartu ahal izateko. Horrez gain, irakasleek Haur Hezkuntzako espezialitatea lortu ahal izango lukete bertan 3 urtez lan egin eta gero

Bere akordio programatikoan Nafarroako Gobernuak agindu zuen: "... Hizkuntzen Tratamendu Integratua (HTI) plan berri bat diseinatu eta kurrikulumean sartu". ELAk aspaldian exijitu du plan berri hori diseinatu eta abian jartzea IIPri alternatiba izanik. Alabaina, lanketa hau berandu iritsi da, ia 3 urte, eta Gobernuak apostu sendoa egin duenean IIP aberrazio pedagogikoaren alde (ikasgaien erdia ingelesez ematen da). Bere garaian UPNk ezarri zuen programa hori D ereduaren igoera moteltzeko asmoz; hala aitortu zuen UPNko lehendakari ohiak 13TV-n, Yolanda Barcina alegia.

Pasa den larunbatean ELAko bi ordezkari HTI jaurdunaldian izan ginen. Bertan HTIren inguruko bi txosten aurkeztu ziren non metodologia horren onurak azaltzen ziren, beti ere bertako hizkuntzei lehentasuna emanez (euskerari batez ere hizkuntza minorizatua delako). Nafarroan ikastetxe asko daude non atzerritar hizkuntzen irakaskuntza beren hezkuntza programetan arrakasta handiz integratzen den, baina inola ere IIP programa. Gure harridurarako, saio praktikoetan IIP duten zentroen adibideak soilik erakutsi ziren.

Bestalde, UPNk lege proposamena erregistratu zuen bi helburuekin:

1- 276/2007 Errege Dekretuaren aldaketa, irakasle kidegoetarako sarbidea arautzen duena, Erkidego Autonomoek haien deialdietan kidegoetarako atzerritar hizkuntzen ezagutza nola ziurtatu behar den erabakitzeko aukera.

2- Maisu/maistren Kidegoko langileek Haur Hezkuntzako espezialitatea lortu ahal dezaten bertan 3 urte lan eginda.

Nafarroako Gobernuak lotsarik gabe onartu du lege honen tramitazioa, irakasle interinoen %95 kanpoan uztea ekarriko lukeena, hauek ez baitute eta ez dute zertan eduki C1 ingelesa maila espezialista ez den plaza baterako, are gutxiago hizkuntza ofiziala ez izanda Estatuan. ELAri arrazoia emanez, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Roberto Perez, azaldu zuen gaur egun A/G ereduak dituzten zentroen %85 IIP dutela, eta 3 urte barru haien irakasleen erdiak atzerritar hizkuntzan C1 maila izan beharko dutela. Hau nahikoa ez balitz, lege honek haur hezkuntzako irakasle bezala gaitu nahi ditu titulazioa ez duten irakasleak, bakarrik bertan 3 urtez lan egin eta C1 izategatik. Hortaz, titulazio espezifikoa eta etapa horretan esperientzia handiago dutenak baztertuak izango lirateke.

ELAk tinko jarraitzen du Kalitatezko Hizkuntzen Tratamendu Integratuaren Plan baten alde, irakasle eta adituekin adostu beharrekoa. Oinarria bertako hizkuntzak izan behar dira ezinbestean, euskarari lahentasuna emanez. Ekitatea berreskuratuko duen plan bat, IIPk ikasleei ekarri dizkien gehiegizko ahaleginengatik sakrifikatu dena. Atzerritar hizkuntzak indartu behar dira B1 maila bermatzeko derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan, hizkuntzetan adituak diren irakasleekin, ikuspegi komunikatiboa erabiliz, 8-10 ikasle taldeak, ahozkotasuna lantzeko laguntzaile natiboekin, hizkuntza ikasle-trukeak... Azken batean, atzerritar hizkuntzak ongien irakasten dituzten europako herrialdeek egiten duten bezala.