Nafarroako Hezkuntza Departamentuak sindikatuekin hartutako konpromisoa ez du bete

2016/02/17
ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek lan eskaintzan izena emateko epea hasi bada ere, zertan geratuko den 60/2009 Agindu Foralaren aldaketa ez dela argitu, salatu dute. Sindikatuek ezinbestekotzat jo zuten interinoen kontratazioa arautzen duen Aginduaren aldaketa.

ELA, LAB eta EILAS sindikatuen agiria:

Prentsa ohar honen bidez ELA, STEILAS eta LAB sindikatuok salatu nahi dugu Hezkuntza Departamentua erakusten ari den Lan Eskaintza Publikoan izena eman edo ematekotan direnekiko errespetu falta.

Lan eskaintzan izena emateko epea hasi bada ere, oraindik ez dakigu zertan geratuko den 60/2009 Agindu Foralaren aldaketa. Gogoratu nahi dugu sindikatu guztiok, aho batez, ezinbestekotzat jo genuela interinoen kontratazioa arautzen duen Aginduaren aldaketa.

Negoziazio mahira eraman genuen gaia, hots, Mahai Sektorialera, eta bertan talde teknikoa osatu genuen. Denbora luzea pasatu da taldeak lana bukatutzat eman zuenetik. Onartezina iruditzen zaigu izangaiek ez jakitea nola arautuko den interinoen kontratazioa. Honek, izangaiekiko errespetu falta ez ezik, sindikatuekin hartutako konpromisoa ez betetzea ere suposatzen du.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Mahai Sektorialaren berehalako deia eskaera egin dugu gaur, eta Departamentuak aurkez dezala aldaketaren proposamena, bertan, Mahai Sektorialean, negoziazioa gauzatzeko.