Nafarroako Itunpeko irakaskuntzako langileek beraien etorkizuna erabakiko dute datozen hilabeteetan

2014/10/14
ELA sektoreko 2.300 langilerekin lan egiten ari da murrizketekin bukatuko duen gehiengo sindikal berri bat lortzeko.

Nafarroako Itunpeko Irakaskuntza hauteskunde sindikalen aurrean dago, 200 delegatu hautatuko dira, 2.300 langileren ordezkariak, bai irakasleenak eta bai ez-irakasleenak.

4 dira gizarte ekimeneko patronalak, ikastetxe pribatuen jabeak, denak Nafarroako administrazioarekin itunduak.

  • ANEG: erlijio-ordenen eta artzapezpikuaren ikastetxeak.

  • CECE: Fomentoko eta fundazio batzuen ikastetxeak batez ere.

  • UECOE: Cuatro Vientos izeneko kooperatiba.

  • NIE: Nafarroako ikastolak.

Itunpeko Ikastetxe hauetan Nafarroako ikasleriaren % 40k ikasten du, Iruñerriko % 60k (biztanleriaren erdia bizi den lekua); Europar Batasunarekin konparatuz egoera oso ezberdina da: han ikasleen % 10k besterik ez du ikasten itunpeko zein pribatuko ikastetxeetan. Arrazoi historiko, ideologiko eta finantza arrazoiek puztu dute itunpeko sarea, beste herrialde batzuekin konparatuta.

EBeko estatuak

Itunpeko eta pribatuko sareko ikasleria

Europar Batasuna

% 10

Belgika

% 54

Espainia

% 31

Frantzia

% 14

Alemania

% 4

Finlandia

% 2

Portugal

% 12

Italia

% 7

Grezia

% 7

Irlanda

% 1

Nafarroa

% 40

Iruñerria

% 60

Demokraziak ez zuen EBrekin homologazioa ekarri gai honetan, Erregimenari nahiko merke ateratzen baitzaio langileen eta familien lepotik mantentzen den itunpeko sarea, azken hauek eskolen sostengurako hilabetero dirua eman behar baitute.

2000. urtean itunpeko sare osoak egin zuen bi egunetako greba hiru aldarrikapen historiko lortzeko:

1. Nafarroako Lan-Hitzarmena.

2. Sare publikoko langileekin bai soldaten homologazioa, bai ordutegiena ere.

3. Krisian dauden zentroen langileentzat lanpostu berriak.

Urte batzuen ondoren egoera pixka bat hobetu zen, baina krisia baliatuz zeinbait murrizketa aplikatu dizkigute:

  • 2010eko irailetik %6,5eko murrizketa, Zapaterok dekretuz funtzionarioentzat erabaki zuen soldataren jaitsiera Sanzen Gobernuak aplikatu zigun.

  • 2012ko irailetik irakasleei % 2,5eko murrizketa, Barcinaren Gobernuak Rajoyren eskola-orduen igoeraren dekretua aplikatu zigun. Ez-irakasleei %2ko murrizketa aplikatu zitzaien, nahiz eta hauei lan jardunaren igoera hau ez zegokien.

  • Bi murrizketa hauekin eta KPIren igoerarekin, itunpeko langieek eroste ahalmenaren %19 galdu dugu.

Honek ez du okertu besterik egin langileen egoera, administrazioarentzat hain zabala den itunpeko sarea edukitzeak suposatzen duen aurrezkia langileen lepo geratu baita. Erregimenak, hainbeste urtez boterean kokatua dagoenak, egoera hau oinarrizko hiru zutabetan eusten du:

1. 1996tik Nafarroako Gobernua UPNren esku.

2. Patronalak.

3. SEPNA sindikatua.

Azken honek, SEPNA sindikatuak, langileen izenean murrizketak sinatu dituenean, legezkotasuna eman die murrizketei. Hau posiblea da sindikatu honek duen ordezkaritza artifiziala dela-eta; ikastetxe zehatz batzuetan bera besterik ez baita aurkezten, eta horrela duela 4 urte lortu zuen itunpekoen ordezkaritzaren %50,4 izatea. UGTk, %37; ELAk %11 eta LABek %1.

  • 2010ean SEPNAk lansariaren-analogia sinatu zuen eta horrela itunpeko sareari galarazi zion Zapatero-Sanzen murrizketak erreklamatzea epaitegietan. Hori dela-eta, Nafarroako Ikastolek (ELA eta LABek ordezkatuak) galdu dute Gorenean jarritako demanda, nahiz eta lan-hitzarmen propioa eduki, sinadura horrek eragin die.

  • 2012an SEPNAk aurretik aipatutako %2,5eko jaitsiera sinatu zuen elkarrekin egin beharreko mobilizazioetatik aldendu eta ondorengo egunean. Horrek guztiak hauxe ekarri du:

  • Lan jardunaren igoera 25 eskola ordutara, 23 zuzeneko eskola orduak eta 2 osagarriak eskla orduak izatera pasatu zirenak.

  • 38 urte kotizaturik zutenek eskola ez emateko zuten eskubidea galdu egin da.

  • Baja hasi eta hamabost egun igaro arte ez dira ordezkapenak ordaintzen.

  • 2 urteko ikasgeletako teknikarien eta irakasleen artean soldata eskala bikoitza, 200 euroko murrzketarekin hilean.

  • Enpleguaren sorkuntzari eta 14/2012 Lege dekretua bertan behera geratuko balitz suposatuko lukeen lan-sariaren analogiari uko egiten zaie.

  • Errelebo kontratua duten irakasleentzako 4 ordutik 6 ordura igotzen dira eskola orduak.

UGTk, gainera, 2013ko udan sinatu du SEPNArekin batera estatu mailako hitzarmen bat, lan erreforma ezartzen duena, eta adostuta dagoena bermatzen ez duena, ultraaktibiatea kentzen duelagatik eta enpresak nahi badu hitzarmena bertan behera uzte ahal izateagatik. Hitzarmen horretan, logopedak iadanik ez dira dozenteak, eta ondorioz soldata gutxiago eta jardunaldi handiagoa dituzte.

Murrizketak eta segurtasun eza juridikoa bat datoz langile askok sentitzen duten kezkarekin, euren lanpostuak kili-kolo daudelako matrikularen jaitsierarengatik eta kongregazio batzuen egoeragatik. Irakasle askok behartuta izan dira, euren borondatearen aurka, PAI programarekin kolaboratzera, matrikula igotzeko tresna zelakoan. Hor ere Gobernuak bere papera jokatu du familien artean nahasmena sortuz: bermatu du euren seme-alabak elebidunak izanen dira, baina bere helburu bakarra zen euskarazko ereduei kalte egitea matrikulak kenduz, Barcinak telebistan aitortu zuen legez.

Ikaslegoak eragindako materiatan ezagupen maila galdu, jardunaldiaren %40 ingeleraz egiten ari delako. Gainera, Haur eta Lehen Hezkuntzaren irakasleak oso kaltetuak suertatu dira, batez ere ingelerazko dozenteak:

- Epe jakin batean ingelerazko agiria lortzera behartu dute, laguntzarik edo birziklatze programarik gabe.

- Pasa den ikasturtearen amaieran, kaleratze batzuk izan ziren (urte batzuk lanean zebilen irakasleak, besteak beste), euren materiak DBHn gaztelaniaz ematen zirelako eta hemendik aurrera ingeleraz emango delako. Gainera, PAIren aurka agertzeagatik, ingelerazko irakasle batzuk kaleratuak izan dira.

Gai honetan, itunpeko sarea akats historikoak izan ditu:

-80ko hamarkadan ikastetxe bakar batek ere ez zuen D eredua abian jarri.

- Bakarrik bi ikastetxek martxan jarri zuten B eredua.

- A eredua jarri zutenak herrietan edo langile klaseko auzoan zeuden (salbuespen bat edo beste egon bada ere Iruñeko erdialdean).

- 2000 hamarkadan TIL-PAI programetan modu akritikoan sartu dira.

ELAk PAI errotik salatu du epaitegietan, funtsezko eskubideak eta hainbat lege urratzeagatik. Gainera, azaroak 6an, ELAK mahai inguru bat antolatu du Iruñeko Katakrak-en, PAIren faltsukeriak salatzeko: bertan egonen dira Juan Carlos Moreno Cabrera, Madrileko lingüista; Antonia Font, Balear Uharteetako sindikalista eta irakaslea; eta Richard Weyndling, ingelerazko irakaslea.

LOMCEren inposaketa, politika alderdikoiaren hezkuntzan azken mutur-sartzea da, irakasleen aburuz. Dirudienez, ez dira irakasleekin fio, eta aurrera dihoaz burokrazia, mespretxua, hezkuntzaren merkantilizazioa eta lan baldintzen okertzeko joera. Lege honek itunpeko eskola elitista eta bereizkoia baten alde egiten du, eskola kontseilurik gabe eta langile klaseko auzoetatik kanpo. Indarrean dagoela kexu agertzen diren sindikatuak baino askoz haratago doa ELA: LOMCEren inposaketa oztopatu behar da, eta Nafarroako Gobernuaren aurkako gatazka sortzea; Parlamentua presionatu behar dugu hemengo lege bat bultzatzeko, eta ELA lan horretan murgilduta dago beste eragile sozialekin batera.

Honen aurrean, ELAk azpimarratzen du ikasturte hau oso garrantzitsua dela egoerari buelta emateko, hautsekunde sindikalak horretarako tresnarik eraginkorrena direlako. ELAkide gehiago badaude, Sepnak bere gehiengoa galduko du.

ELAren apustua langileak indartzea da, beti ere patronalaren aurrean. EAEn kongregazio berdinak daude, eta hala ere euren langileek euskal hitzarmen bat daukate aspalditik. Zergatik ez Nafarroan?

ELAk Nafarroan bultzatu nahi duen eredua EAEko Kristau Eskolatan dago: orain sinatu berri den akordioari esker, EAEko itunpeko sarea Zapaterok, Raxoik, Patxi Lopezek eta Urkulluk inposaturiko murrizketarik gabeko zonalde bakarra izanen da Estatu osoan, esparru publiko zein pribatuan.

Hau da Nafarroan segitu behar dugun eredua:

- Hitzarmena oso-osorik berreskuratzen da, eta patronalek Auzitegi Gorenean sartu zuten helegitea bertan behera geratzen da.

- Hitzarmenaren ultraaktibitatea hurrengoa sinatu arte mantenduko da.

- Hitzarmeneko soldata-taulen ordaina berrezartzen da, ahalik epe laburrenean, beti ere 2015 amaiera baino lehenago (eta 25.000 €tik beherako soldaten kasuan, berehala), zuzenean finantziazio publikoarekin lotu gabe.

- Taulak bete-betean ordaindu arte metatu den zorra aitortzen da, eta hau kitatzeko modua arautzen da, itunpeko moduluen gehikuntzaren baitan izango bada ere.

- Soberan dauden langileak birkolokatzeko eta sektoreko enplegua mantentzeko mekanismoak garatuko direlako konpromisoa jasotzen da. Halaber, gardentasuna hobetzeko eta langileen parte hartzea areagotzeko prozedurak ezartzen dira.

- Hezkuntza Laguntzako Espezialistak irakaskuntza publikoko funtzio bera duten langileekiko %95ean homologatzen dira.

- Zailtasun bereziki handiak dituzten ikastetxeei, betiere arazoak objektiboak eta behar bezala justifikatuak direnean, irtenbidea emateko aukera eskaintzen da; ezinbestekoa da, alta, langileen ordezkari legalen adostasuna, eta eragotzi egiten da erreforma laboralean jasotako derrigorrezko arbitrajea.

- 58 urte betetzean eskola-orduen murrizketa erretiro partzial aurreratua berandutu duen erreformari egokitzen zaio, hiru aukera eskainiaz:

- 58 urterekin, bi irakastordu eta hiru ordu presentzial gutxiago;

-Alternatiba gisa, 59 urterekin eskola-orduen %25 gutxitzea;

- Alternatiba gisa, erretiro partzial aurreratura iristean, murriztekoak diren irakastorduak metatzea, lanaldi hori urteko epealdi jakin batean modu jarraian burutu eta eskola-ordurik gabe izan dadin.