Nafarroako Parlamentuak NUPeko lan hitzarmena osotasunean betetzeko mozioa onartu du

2014/12/12
Onartutako mozioarengatik ELAk Parlamentua zoriontzen du. Tamalez 2008 urtetik bere konpromisoak bete ez dituen Nafarroako Gobernuari dagokio mozioa errealitatea bihurtzea.

Nafarroako Parlamentuak Unibertsitate Publikoko irakasleen aldeko mozioa onartu zuen atzo. Bertan, bi dira Gobernuari luzatzen zaizkion eskaerak: behin-behineko kontratua edukiko duten irakasle kontratadunen figura sor dezala eta 2008ko maiatzean NUPen sinaturiko lan-hitzarmena bere osotasunean betetzeko soldata pizgarriak onartzea.

2008ko ekainetik dabiltza bai NUP eta baita Nafarroako Gobernua ere irakasleen ordezkaritzarekin sinatutako hitzarmena errespetatu gabe. Akordioak besteak beste, NUPeko hainbat irakaslek irakaskuntza edota ikerkuntzarengatik soldata pizgarriak jasoko zituztela onartu zuen. Aipagarria da irakasle funtzionarioek pizgarri hauek jasotzen dituzten bitartean irakasle prekarioenei (kontratadunei) ukatzen zaizkiela eta Espainiar Estatuan gutxien kobratzen duten irakasleak direla hauek. UPNk sei urte luze izan ditu ezinbestekoak diren legediaren aldaketak egiteko.

Lafuenteren errektore taldeak eta UPNk lan hitzarmena betetzeari uko egiteaz gain, beste hainbat eraso pairatu dituzte unibertsitateko langileek: 2011 urtetik ez dira karrerako funtzionario gehioago egin; jubilatu direnen 40 lanpostu galdu dira eta haien irakaskuntza orduak guztiz prekario diren eta funtzionario baten soldataren bostena irabazten duten irakasle elkartuekin betetzen dira; ehun bat irakasle elkartuei beraien aparteko saria kendu diete; gaixotzen diren irakasleak zigortzen dituzte eta ez zaie soldata osoa ordaintzen; administrazio eta zerbitzuetako langileei lanaldia luzatu zaie; ez dira ordezkapenak egiten eta abar.

ELAk, NUP eta Nafarroako Gobernuari egindako murrizketa guztiak bertan behera utz ditzatela exijitzen die. Lan eta bizi baldintza duinik gabe ezin da kalitatezko irakaskuntza eskaini.