GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK (EAE)

Negoziazioak blokeatuta jarraitzen badu, urtarrilean mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute sindikatuek

2023/12/15
Abendurako deitutako bost greba egunek babes zabala jaso dute. 5.000 langile inguru izan dira Bilboko manifestazioan greba astearen azken egunean. Patronalei eta Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzeko eskatzen diote sindikatuek

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude, 200 ikastetxetik gora dira eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua. Abenduaren 11tik 15era deitutako bost greba egunek, aurrez egindako beste laurak bezalaxe, jarraipen zabala izan dute langileen aldetik, %65 eta 70 bitarte.

Helburua 2021ako abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Sindikatuek Kristau Eskola patronal nagusiari eskatzen diote publikoki adierazi duen negoziaketarako borondatea isla dadila mahai negoziatzailean, benetako edukiekin. Azken mahaitik 9 hilabete igarota, azaroaren 27rako mahai negoziatzailea deitu zuten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek mobilizazioek behartuta. Baina ez zuten ekarri inolako proposamenik. Bost greba egun hauetan ere ez dute deialdirik edo proposamenik egin.

Hezkuntza Sailari berriz, gatazka honen irtenbidean parte har dezala eskatzen diote, beste aldera begiratu ordez. Hezkuntza Saila ez da edozein eragile, eta esparru honetako langileen lan baldintzekiko ardura berea ere bada.

Langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak eman eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak egingo ez balira, urtarrilean mobilizazio eta grebak indartu beste biderik ez dute izango sindikatuek.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak ekiditeko planak ere jomugan ditugu sindikatuek.

Azkenik, sindikatuek langileak zoriondu nahi dituzte, beraien lan baldintzen eta eskaintzen duten hezkuntza kalitatearen alde egun hauetan erakutsi duten indar eta tinkotasunagatik.